GAUR8

Lanbide Heziketako «indarguneak eta aukerak» azaltzeko foro telematikoa

Lanbide Heziketako ibilbideek eskaintzen dituzten «indarguneak eta aukerak» azaltzeko foroa ospatuko da ostegun honetan. Enpresek eskatzen dituzten perfil teknikoetan zentratuta, streaming bidezko jardunaldia izango da. Batxillergoko ikasleez gain, «interesa duten ikastetxe eta ikasle guztientzat» irekita dagoela esan dute.

Lanbide Heziketako ikastetxe bat, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)
Lanbide Heziketako ikastetxe bat, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO/FOKU)

Batxillergoko 1. mailako ikasleei nagusiki zuzenduta, Lanbide Heziketaren inguruko informazio-jardunaldia 9:00etatik 10:30era egingo da, eta birtuala izango dela azaldu dute. Ingeniaritza, telekomunikazioak, aeronautika, energia, biozientziak, bioteknologia eta enpresei aplikatutako ikerketa bezalako sektoreetan diharduten ikasle ohiek eta parke teknologikoetan lan egiten duten profesionalek hartuko dute parte.

Helburua da «gazteei eguneroko jarduna zein den» azaltzea eta puntako sektoreak eta lan hazkunde-aukerak izan daitezkeenak zehaztea.

Foroa duela bost urte sortu zen, eta aurreko edizioan 2.500 ikaslek hartu zuten parte.

Osasun alarma-egoera dela-eta, hitzordua online izango da, streaming bidez. Batxillergoko 1. mailako 1.200 ikasle baino gehiagok parte hartu ahal izango dute, baina adierazi dute jardunaldia «interesa duten ikastetxe edota ikasle guztientzat» irekita egongo dela, http://www.fpparke.eus/martxoaren-18ko-ekitaldia-2/ estekan sartuta.

Bestalde, nabarmendu dute «erreferentziazko erakundeen jarduera eta funtzionamendua ezagutu» ahal izango dutela, «hala nola, CIC energiGUNE eta AJL Ophthalmic Araban; ESS Bilbao, ZIV eta CFAA, Bizkaian, eta VIVEbiotech eta Tecnalia Gipuzkoan». «Funtsezko sektoreak dira Euskadin, hala nola energia, I+G, Fabrikazio Aurreratua, biozientziak eta enpresei aplikatutako bioteknologia eta ikerketa», gaineratu dute.

Foroaren inguruan, ikastetxeetan, enpresen bideoak ikusi ahal izango dituzte jardunaldiaren aurretik, eta lantzeko unitate didaktikoa ere badute eskuragai.

Teknikari kualfikatuak behar dira

Antolatzaileek azpimarratu dute «teknikari kualifikatuak» behar direla Euskal Herrian eta Europa osoan, sektore teknologikoetan, zibersegurtasunean, energia berriztagarrietan edo bioteknologikoetan, besteak beste.

Gogoratu dutenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako teknologia parkeak 580 enpresak osatzen dituzte. «Industria-ehuneko punta-puntako enpresak dira», I+Gko inbertsioaren %38 dira, eta «talentu zientifiko eta teknologiko espezializatua behar dute», azpimarratu dute.