GAUR8

Gasteizko Mercedesen arituko den lehen «robot kolaboratiboa» garatu du EHUko ikerlari batek

Gasteizko Mercedes-Benz lantegian «plataforma mugikor kolaboratibo» bat garatu du Daniel Teso Fernandez de Betoño EHUko Ingeniaritza Eskolan doktore tesia egin duen ikerlariak. Zenbait lanposturen ergonomia hobetzeko, robota eta gizakia elkarlanean aritzea ahalbidetzen du sistemak.

Ibilgailu baten muntaia Gasteizko Mercedes-Benz lantegian, artxiboko irudian. (Raul BOGAJO/FOKU)
Ibilgailu baten muntaia Gasteizko Mercedes-Benz lantegian, artxiboko irudian. (Raul BOGAJO/FOKU)

Lan lerroen araberako «teknologia trebe eta eraginkorra ikertzeko» proiektuari jarraituz, bere doktorego tesiaren bidez Daniel Teso Fernandez de Betoño EHUko Ingeniaritza Eskolako ikertzaileak «plataforma mugikor eta kolaboratibo bat» garatu du, Gasteizko Mercedes-Benz lantegiaren muntaia lerroetako beharrizanetara egokituta.

Muntaketa katearen amaierako lan gehienak eskuz egin behar dira eta eremu horretan dena dago mugimenduan. Zailtasun horren ondorioz, «pertsona orok ezin du lan egin espazio horietan», azaldu dutenez.

EHUtik zehaztu dutenez, «Daniel Tesoren tesian funtsezkoa izan da lan egin bitartean ibilgailuen mugimendua jarraitzeko gauza den plataforma bat ikertzea eta garatzea», muntaketa prozesuak gelditzeko beharrik ez izateko.

Ez da robot kolaboratiboen teknologia erabiltzen den lehen aldia, garapen handia izan baitute enpresa handietan, baina kasu honetan etengabeko lanetan aritu beharreko robota sortzea zen helburua.

Funtzionamnduaz argitu dute robota lan eremu zehatzeraino mugitzen dela, eta orduan plataforma mugikorra gelditu egiten dela eta robotak lanari ekiten diola.

Lanari esker, Mercedes-Benz lantegirako prototipo bat sortu da, «merkatuaren barruko teknologia irisgarria erabiliz», eta tesian torlojuz lotzeko prozesuak mugimenduan egiteko algoritmoekin garatu ziren.

Lana oinarri hartuta hainbat artikulu argitaratu eta bi dei-proiektu abian jarri direla gogoratu dute: Hazitek programaren proiektu bat, Mercedes-Benzekin elkarlanean, eta Elkartek programarena, adimen artifizialaren esparruko berrikuntzari loturik.