GAUR8

Zuk Zeuk garapen iraunkorreko helburuak lortzeko ginkanaren finala egiten ari da

Garapen jasangarriarekin lotutako erronkaz beteriko ginkanaren finala egiten ari da aste honetan, Zuk Zeuk lehiaketaren barruan. Formatu birtuala du eta hainbat ikastetxe eta gaztelekutako 300 gazte inguru ari dira parte hartzen.

Zuk Zeuk 2021eko lehiaketa aurkezteko bideoaren irudietako bat.
Zuk Zeuk 2021eko lehiaketa aurkezteko bideoaren irudietako bat.

Feel My Way Kooperatibako gazte ekintzaileek antolatuta, hilaren 26ra arte Zuk Zeuk lehiaketaren finala izango da. Gipuzkoako Aldundiak eta beste hamabi eragileren babesa duen ekimenean 900 gaztek hartu dute parte eta haietako 300 heldu dira online egiten ari den finalera, antolatzaileek esan dutenez.

Ekitaldiak formatu berritzailea izan du aurten. «Donostiako hainbat puntutan mugituz ibili behar ziren gazteak, aurretik lehiaketan landu zituzten gaien inguruan zenbait erronkari aurre eginez», azaldu dute deialdiaren inguruan.

Aste honetan zehar egingo den finalean «300 gazteak 20 taldetan banatuta egongo dira, eta plataforman zehar erronkaz erronka ibiliko dira puntuak biltzen».

700 eurotik 1.000 euro arteko sariak daude jokoan. Guztira 30.000 euro banatuko dira. Finalisten artean hainbat ikastetxe daude, baita gaztelekuak ere: Debakoa, Oñatikoa eta Zegamakoa.

Garapen iraunkorreko helburuekin lotuta, hainbat lerro jorratzeko aukera izan dute, eragileek proposatuta. «Ekoizpen eta kontsumo arduratsua Ausolan Fundazioarekin batera» edo «Goserik ez Hazirekin batera» izan dira proposatutako gaietako bi.

«Nerabeei begiak zabaltzea»

Nora Kortabarria Bilbao Feel My Way-ko ordezkariak azaldu duenez, nerabezaroa «aurkikuntza garaia da» heltze prozesuan, baina «askotan galduta aurkitzen dira» munduan gertatzen denari kasu handiegirik egin gabe; beraz, ekimenaren xedea «poliki poliki egunerokotasuneko erabakiak kontzienteki hartzen hasi eta norberak bere inguruan non eragin edo ekarpena non egin dezakeen jakiteko bidea» erakustea dela esan du.

Izan ere, gogoratu dutenez, lehiaketaren helburua gazteen «arreta eta parte-hartzea» lortzea da. «Izan ere, gaur egun horren mugatuta gauden honetan, gazteen artean taldeko bidaiek ekartzen duten motibazioa berreskuratzeko nahia izan dugu, ikas bidaiek zein bestelako bidaiek», adierazi du Kortabarriak.

Esan duenez, Feel My Way 18 urteko gazte batzuek sortu zuten, eta helburua zen gazteak «ondo pasatzea eta ziren bezalakoak izateko libre sentitzen ziren bitartean gauza berriak deskubritzea eta esperimentatzea».

Sei urteko ibilbidearekin, 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat aisialdi eta bidaiei loturiko esperientziak antolatzen lan egin du, eta «formatu eta estilo ezberdinetako proiektuak» garatu ditu, udarako atzerriko ingeles-koloniak, ikas bidaiak zein lehiaketak edota «motxilero-abenturak», besteak beste.