GAUR8

Haurtzaroaren lehenengo etapan elikadura egokiena aukeratzen laguntzeko gida argitaratu du EHUk

Lehenengo haurtzaroan elikadura egokiena aukeratzen laguntzeko, nutrizio aholkuak ematen dituen gida praktikoa argitaratu du EHUk. Adituek nabarmentzen dute, esaterako, hezkuntza «funtsezkoa» dela, janariekin esperimentzatzen utzi behar dela eta familiarekin mahaian jartzeak ohitura egokiak hartzen laguntzen duela.

Gidan lan egin duen Ikertzaile taldea. (Nuria Gonzalez/EHU)
Gidan lan egin duen Ikertzaile taldea. (Nuria Gonzalez/EHU)

EHUren Argitalpen Zerbitzuka publikatu duen gida berriak nutrizioak lehenengo haurtzaroan dituen eraginak azaltzen ditu, eta horren ondoan ebidentzia zientifikoan oinarritutako irizpideen arabera elikadura egokiena aukeratzeko laguntza ematen du, ezaugarri indibidualak kontuan hartuta».

Ohar batean azaldu duenez, lana hiru urte arteko haurren nutrizioan zentratuta dago, hazkundean lehenengo urte horiek «berebiziko garrantzia» dutelako.

«Nutrizioak funtsezko eginkizuna du haurraren garapen eta hazkunde egokian, bai eta helduaroan gaixotasun jakin batzuen agerpenean eragiten duten arrisku faktoreen prebentzioan ere», azaldu dute unibertsitate publikoko iturriek.

Erantsi dutenez, «elikadura ohiturak ikasteko» garaia ere bada, «helduaroan ohitura osasungarriak hartzen sendotzen» duena.

Azpimarratu dute, bestalde, «puntu garrantzitsua» dela nutrizio egoera ezagutzea, eta horretan kokatu dute pediatriako nutrizio balorazioa.

Edoskitzea eta mastekatzea

Gidak ematen dituen argibideen artean amagandiko edoskitzea nabarmentzen duenetako bat da. Adituen esanetan, «elikagairik onena» da «seigarren hilabetera arte», eta beste elikagai batzuekin batera bi urte bete arte, baina «halakorik ezean, egokitutako esneki-formulekin.

Elikagaien gama ahalik eta gehien zabaltzea edota bi urteko haurrek helduek jaten duten ia jaki berberak jatea dira gidak ematen dituen beste gomendioetako bi, eta ohartarazten duenez, «mastekatzea atzeratzeak elikadura ohitura arazotsuetara garamatza».

Izan ere, elikagaiekin esperimentatzen uztea da aholkuetako bat, eta mahaian familiarekin egotea ohitura egokiak hartzen laguntzen duela azaltzen dute.

Oharren artean, beste gomendio bat dago elikagaien aurreko portaerarekin lotuta, «garrantzitsua da elikagaiekin ez saritzea eta ez zigortzea, eta jateari uko egiten diotenean elikagai alternatiboak ez eskaintzea».

Gida EHUren Farmazia eta Elikagaien Zientzia Saileko Nutrizioa eta Obesitatea taldeko ikertzaileen lanaren emaitza da.