GAUR8

Ikerbasqueko lau ikertzaile, espainiako Kimikako Errege elkarteak sarituta

Espainiako Kimikako Errege Elkarteak urtero banatzen dituen sarien berri eman du. Aurtengo edizioan banatuko diren 15 sarietatik lau Ikerbasqueko ikertzaileen eskuetara joango dira. Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa, Aurelio Mateo-Alonso, Montserrat Casas eta Jiménez Oses dira saritutako ikertzaileak.

Fernando Cossio, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa (Juan Carlos RUIZ I FOKU)
Fernando Cossio, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa (Juan Carlos RUIZ I FOKU)

Espainiako Kimikako Errege Elkarteak (RSEQ), Estatu espainiarrean kimikaren arloko ikerketan diharduen komunitatea ordezkatzen duen erakundeak, urtero banatzen dituen sarien irabazleen izenak jakinarazi ditu. 2021eko edizioan banatuko dituen 15 sarietatik lau Ikerbasqueko zenbait ikertzailerentzat izango dira.

Ikerbasque Zientzia Fundazioak jakinarazi diuenez, Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifiko eta EHUko Kimika Organikoko katedradunak Espainiako Kimikako Errege Elkarteak urtero ematen duen golardorik garrantzitsuena jasoko du: Urrezko Domina. Sari horrekin ikerketan egindako ibilbide osoa aitortu diote, bereziki, haren berezitasuna, nazioarteko ikusgaitasuna eta egun diziplina horretan duen lidergoa. Sariari dagokion Dominaz gain, diploma bat eta diru-hornidura ere jasoko ditu.

Azkenaldiko ibilbidearen eta ikertzaile gazteen sariak

Halaber, Aurelio Mateo-Alonsok, Polymat-en lan egiten duen Ikerbasqueko ikertzaileak, ikerketa arloko bikaintasunaren saria lortu du. Aintzatespen honek hautagaien azkenaldiko ibilbidea baloratzen du, sariak eman aurreko bost urteko epealdiari dagokiona.

Azkenik, Montserrat Casas CICenergiGUNEri atxikitako Ikerbasqueko ikertzaileak eta Jiménez Oses CICbioGUNEn diharduen Ikerbasqueko ikertzaileak ikertzaile gazteen saria eskuratu dute, Group Leader izeneko kategorian. Aintzatespen honek batez ere ikerketa-talde berri baten lidergoan egindako ibilbidea balioesten du.