GAUR8

Tyrannosaurus rexen masailezurraren anatomiari buruzko misterio zaharra argitu du ikerketa batek

Tyrannosaurus rex dinosauroek hezurra mastekatzen zuten, beheko masailezurrean kaiman batena bezalako artikulazio tinko bat zutela, suge batena bezalako malgu bat izan beharrean, Amerikako Anatomia Elkartearen urteroko bilerako Biologia Esperimentaleko (EB) 2021eko bileran aurkeztuko den ikerketa baten arabera.

Tyrannosaurus rex baten eskeleto berreraikia
Tyrannosaurus rex baten eskeleto berreraikia

Ikerketak argi berria ematen du paleontologoak txundituta utzi dituen enigma baten gainean. Dinosauroek, euren beheko masailezurren erdian artikulazio bat zuten, muskulu barneko artikulazioa, egungo narrastiek ere badutena.

Aurreko ikerketek aditzera ematen zuten artikulazio hori malgua zela, suge eta muskerretan bezala, eta horri esker estutzen zituztela dinosauro haragijaleek euren harrapakinak masailezurretan.

Hala ere, ez zegoen batere argi masailezurrak malguak ote ziren, ezta nola izan zitezkeen hezurrari hozka egin eta irensteko bezain indartsuak, tiranosauroak horixe egiten baitzuen erregulartasunez, proba fosilen arabera.

“Ikusi genuen artikulazio hauek ez zirela inondik inora ere malguak, Tyrannosaurus rex bezalako dinosauroek beheko masailezurrari zurruntasuna emateko hezur bereziak baitituzte, artikulazioa gurutzatzen dutenak”, adierazi du Missouriko Unibertsitateko anatomia doktoregoko ikasle John Fortnerrek, ikerketaren lehen egileak.

Tyrannosaurus rex dinosauruaren masailaren 3D eredu zehatza

Fortnerrek eta bere lankideek, dinosauro eta narrasti modernoen fosilen ordenagailu bidezko tomografiak erabili zituzten dinosauru mota horren masailaren 3D eredu zehatz bat eraikitzeko. Aurreko ereduek ez bezala, haren simulazioek hezurra, tendoiak eta masailezurraren atzealdea biltzen duten muskulu bereziak dituzte.

“Dinosauroen masailezurrak modelatzen ari gara, lehenago egin ez den modu batean –dio Fortnerrek–. Dinosauro masailezur baten muskulu barneko artikulazioaz gain masailezurraren barruko eta inguruko ehun bigunak simulatzen dituen 3D eredua sortzen lehenak gara”.

Muskulu barruko artikulazioak hezurra zeharkatzeko beharrezko indarren azpian malgutasunari eutsi ahal zion zehazteko, taldeak simulazio batzuk egin zituen, baraila non artikulatzen zen, hainbat puntutan sortuko ziren tentsioak kalkulatzeko.

Emaitzek iradokitzen dutenez, masailezurraren barruan luzatzen den hezurrak, aurreartikularra izenekoak, tentsio-hustubide gisa jardun zuen, muskulu barneko artikulazioaren flexioari aurre egiteko, eta horrela beheko masailezurrak zurrun zirauen.

Taldeak bere modelatze horren ikuspegia dinosauroen beste espezie batzuei aplikatzeko asmoa du, dinosauroen hozkadaren mekanika are gehiago argitzeko eta, beharbada, baita ikertzaileei, gaurko izakiak hobeto ulertzen laguntzeko ere.

“Dinosauroen masailezurrak bizirik dauden narrastien antzera eraikita daudenez, bizirik daudenen anatomia erabil dezakegu gure masailezur ereduak nola eraikitzen ditugun erakusteko”, azaldu du Fortnerrek. “Aldi berean, Tyrannosaurus rexen masailezurrari buruz egiten ditugun aurkikuntzek argitasun gehiago eman dezakete egungo narrastien elikadura funtzioaren aniztasunari buruz, hala nola krokodiloen eta hegaztienari lburuz”.