GAUR8

78 hegazti-espezie habiagile Errenterian

Errenteriako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak martxan jarritako ikerketa batek agerian utzi du udalerriak «biodibertsitatean eta hegazti faunaren aberastasunean duen potentziala». Egin duten inbentarioak 78 hegazti-espezie habiagile biltzen ditu, haien artean arriskuan dauden batzuk eta «bakan» gisa katalogatuta daudenak.

Hegazti habiagileen gaineko ikerketan sakondu nahi dute Errenterian. (Juan ARIZAGA)
Hegazti habiagileen gaineko ikerketan sakondu nahi dute Errenterian. (Juan ARIZAGA)

Azken lau urteotan hegazti habiagileak protagonista dituen ikerketa burutu da Errenterian. Bertako Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologia sailak elkarlanean bultzatu dute ikerketa zientifikoa eta 2016-2020 epealdia hartu du. Urrats nagusietako bat inbentarioa egitea izan da, baina ekimenaren asmoen artean badago azterketa sakonago bat egitea eta ezagutza herritarren artean zabaltzea.

Ohar batean Udalak azaldu du udalerriko mugen barruan «Euskal Herriko biodibertsitatea kontserbatzeko interes handia duten natura-guneak» daudela, Kontserbazio Bereziko Eremua den eta Natura 2000 Sarean dagoen Aiako Parke Naturala kasu.

Hala ere, Oreretak ez du udalerrian ugaltzen diren hegaztien inbentario zehatzik, ez espezie kopuruari buruzkoa ez espazio-banaketari eta ugaritasunari dagokien azterlan bat ere, zehaztu dutenez.

Testuinguru horretan, egin berri den inbentarioa aurretiazko ikerketa bat dela azaldu dute, eta horretarako, basoak, sastrakak, ibaiak, harkaitzak eta belardiak aztertu direla. Aranzadiko adituek 78 hegazti-espezieren bi mila aipamen baino gehiago jaso dituztela adierazi dute.

Espezie horien artean, gainera, «Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendan ‘bakan’ gisa katalogatutako batzuk daude», arrano txikia, okil beltza, belatz handia, zuhaitz-belatza edo miru gorria bezala.

Ikerketa sakonago baten garrantzia

Juan Arizaga Aranzadiko Ornitologia saileko zuzendariaren esanetan, aurretiazko ikerketa honek agerian utzi du udalerriak «biodibertsitatean eta hegazti-faunaren aberastasunean duen potentziala».

Horregatik, adituak ikerketa «sakonago» bat egitearen garrantzia azpimarratu du, inbentario zehatzago bat izateko eta kontserbaziorako lehentasunezko guneei buruzko informazioa lortzeko.

Azaldu dutenez, hegazti ornodunen multzorik ugarienekoak dira eta azkar erantzuten diete habitatetan ematen diren aldaketei. Bioaniztasunerako «aterki-espezieak» direla zehaztu dute eta horregatik, hegaztiak eta haien habitat babestea gainerako organismoentzat ere onuragarria dela gogoratu dute.

Egitasmoaren barruan herritarrak hegaztiak identifikatzeko trebakuntzea dago, eta horretarako ikastaroak esakiniko direla aurreratu dute, herritarrei zuzendutako Onitho Euskadi zientzia atariarentzako formakuntza saioekin batera.