GAUR8

Martxan dago Elhuyar Zientzia Azoka birtuala; larunbatean aurrez aurrekoa Bilbon

Elhuyar Zientzia Azoka astelehen honetan abiatu da eta formatu birtuala izango du ostiralera arte, ikertzaile gazteenentzako hainbat topaketa, tailer eta hitzaldirekin. Larunbateko hitzordua, berriz, aurrez aurrekoa izango da, Bilboko Areatzan. Gazteenen proiektuekin batera unibertsitate ezberdinetakoak izango dira.

Elhuyar Zientzia Azoka, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Elhuyar Zientzia Azoka, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Astelehen honetan abiatu da Elhuyar Zientzia Azokaren edizio berri bat, bere lehen zatian formatu digitala izango duena. Ostiralera arte ospatuko diren jarduerak: hitzaldiak, topaketak, tailerrak… birtualak izango dira, larunbateko hitzordua izan ezik. Bilboko Areatzako ekitaldian, aukeratu diren proiektuak aurkeztuko dituzte, eta garatu dituzten taldeetako partaideak izango dira.

Azokaren edizio honek 110 proiektu jaso ditu. Ikasturtean zehar 12 eta 18 urte bitarteko ikasleek garatutako egitasmo ezberdinak dira, eta horietatik 20 izan dira epaimahaiak nabarmendutakoak.

Osasun egoerak behartuta, edukiera murriztua izango da. Hori dela eta, larunbateko hitzorduan 20 dira Elhuyarrek gonbidatutako gazte taldeak. Goizeko 11.00etatik 11.30era standen muntaketa egingo da, eta irekiera ofiziala 12.00etan izango da.

Azokan, EHUko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko stand profesionalak izango dira. Arratsaldean, Zalgune eraikinean egingo da sari-banaketa, eta streaming bidez jarraitu ahal izango da.

Tailerrak eta solasaldiak

Larunbateko hitzorduaren aurretik, Zientzia Azoka hainbat proposamenekin dator, online jarraitu ahal izango direnak. Kode sekretuen tailer batekin hasi da gaur, eta gaiaren inguruko bigarren emanaldi bat izango du bihar. Ondoren, Lorea Argarate Zubia ingeniari bilbotarrarekin solasaldia izango da DBH1, 2 eta 3ko ikasleei zuzenduta..

Asteazkenean gazteen eta ikertzaileen arteko topaketa abiatuko da 9.30ean; eta ondoren, “Arnasketaren zientzia. Egin zure ordezko birika” tailerra ospatuko da DBH1 eta 2ko gaztetxoentzat.

Ostegunean, “Ikusten ez den zientzia” da tailer baten lerroburu inpiratzaileak, eta 12.00etatik auerera Naima El Bani Altuna paleozeanografoareki solasteko aukera izandgo dute parte hartzaileek.

Ostiraleko egitarauaren protagonistak “Egiturak” dira, eta makilatxoekin zubi bat egitea da proposatutako erronka.