GAUR8

TensioBot, Telegram bidez tentsio arteriala kontrolatzen laguntzen duen sistema

Tresna berria EHUko ikerlariek garatu dute eta Telegram bidez funtzionatzen du. Elkarrizketa formatuan, etxean tentsio arteriala behar bezala neurtzeko jarraibideak eta ohartarazpenak bidaltzen dizkie pazientei.

Irudian, Leyre Etxeazarra, Ramon Saracho, eta Juanan Pereira, bideodeian pantailan. (Nuria GONZALEZ/EHU)
Irudian, Leyre Etxeazarra, Ramon Saracho, eta Juanan Pereira, bideodeian pantailan. (Nuria GONZALEZ/EHU)

EHUko ikertzaileek tentsio arteriala behar bezala kontrolatzen laguntzen duen sistema jarri dute martxan. TentsioBot du izena eta Telegram bidez funtzionatzen du. Mezuetan, jarraibideak eta ohartarazpenak bidaltzen dizkie pazienteei tentsioa era zuzenean neur dezaten.

Nabarmendu dutenez, tresna merkea da eta erraz erabiltzekoa, erabiltzaile gehienak berehalako mezularitza erabiltzen ohituta baitaude, eta gainera, aplikazioa kode irekian argitaratu dute.

Sistema hiru ikertzailek garatu dute, Filosofia Saileko Leyre Echeazarrak, Lengoaia eta Sistema Informatikoak Saileko Juanan Pereirak eta Medikuntza Saileko Ramon Sarachok.

«Pazientei tentsio arteriala neurtzeko gogorarazpenak eta jardunbide egokiekin lotutako gomendioak bidaltzen dizkie eta osasungintzako langileei aukera ematen die neurketen inguruko informazio eguneratua eskuratzeko», azaldu du Pereirak.

Gogoratu dutenez, hipertentsioa osasun larriak eragin ditzakeen gaixotasun kronikoa da, eta pazienteek tentsioa neurtu behar izaten dute etxean, baina horrek bere eragozpenak ditu, balioak egiaztatzeaz edo apuntatzeaz ahaztu baitaitezke, zenbatekoak txarto idatzi edo batzuetan ezinezkoa egiten zaie balio-tarteetatik kanpo geratzen diren zenbatekoak osasun langileei berehala jakinaraztea.

Bi urteko esperientzia 

TensioBot bi urtetan zehar probatu da 112 gaixorekin. Erdiak bot-a erabili zuten eta beste erdiak ez, eta egiaztatu dute «programaren betetze-maila bi taldeetan antzekoa izan bazen ere, bota erabili zutenek tentsio arteriala neurtzeko jardunbide egokiagoak zituztela».

Gaixoek eurek bot-aren erabileraren balorazio positiboa egiten dute. Erabilgarria eta erabilerraza dela adierazi dute, eta probatzeko garaia amaituta ere hura erabiltzen jarraitzen dute.

Berehalako mezularitza erabili ahal izatea abantaila handia da, Pereiraren esanetan, gaixo gehienak oso ohituta daudelako Whatsapp edo Telegram bezalako aplikazioa erabiltzen, eta ez du behar aparteko instalaziorik.

Txatbota, gainera, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez erabiltzeko prestatuta dago, eta «kode irekian jarri dute beste ospitale eta programa batzuetan erabili ahal izateko».

Saracho horrelako aplikazioak medikuen eguneroko lanean nola erabili daitezkeen ari da ikertzen bere tesian. Azaldu duenez, gaur egun testua erabiltzen da, «baina gero eta ahozko interfaze gehiago ari dira sortzen hizkuntza guztietan».

«Hobetzeko beste ildoetako bat litzateke neurgailuaren eta bot-aren arteko komunikazio automatikoa lortzea, baina hori Telegramek berak onartu beharko luke», azaldu du Pereirak. Nabarmendu dueenez, egun bizi dugun izurrite egoeran halako sistemak oso erabilgarriak dir, osasun zentroetara bertaratu behar ez izateko.