Plataforma digitalak erabiliz gazteak odola ematera animatu nahi dituzte

Mundu mailan ematen den arazo baten aurrean, odol-emaileen falta, UOCeko eta Txileko Astral Unibertsitateko ikertzaileek elkarlaneko plataforma digitalen erabilera aztertu dute, gazteak sentsibilizatzeko. Eraginkortasunari lotutako faktoreen artean, garaietara egokitutako inguruneen sorrera eta «harrotasun-sentsazioa» aipatzen dituzte.

Usansoloko Ospitaleko Transfusio bankua, artxiboko irudian. (Marsiol RAMIREZ/FOKU)
Usansoloko Ospitaleko Transfusio bankua, artxiboko irudian. (Marsiol RAMIREZ/FOKU)

Azken egunotan, Arabako eta Nafarroako odol emaileen elkarteek dei berezi bat egin dute herritarrak mobilizatu eta odola ematera joan daitezen. Ohartarazi dutenez, «dohaintza handitzea inoiz baino beharrezkoagoa da», odol-osagaien eskariari erantzun ahal izateko.

Mezuak zabaldu dituzte sareetan, egungo osasun egoeran odola emateak duen garrantzia nabarmenduz eta egokitutako puntuak, ordutegiak eta behar diren odol motak zehaztuz. Kanpaina horien harira, batez ere gazteen inplikazioa lortzeko, Kataluniako Oberta Unibertsitateko (UOC) ikertzaileek elkarlaneko plataforma digitalen erabilera aztertu dute.

Ez bakarrik Euskal Herrian, odol emaileen falta gero eta arazo handiagoa da mundu mailan, nabarmendu dutenez. Boluntarioak behar dira, batez ere gazteen artean. Kolektibo horrengana iristea da, beraz, helburu nagusia. Horregatik, kanpainak nola hobetu aztertu eta orain gutxi argitaratu duten aurretiazko ikerketa batean, motibazioan eragiten duten gakoak ikertu dituzte.

Artikuluaren sinatzaileen artean Joan Torrent-Sellens dago, UOCeko Ekonomia eta Enpresa Ikerketen katedraduna eta IKTei buruzko Diziplina Arteko Ikerketa Taldeko (i2TIC) zuzendaria dena. Bere esanetan, «jende asko ez da jabetzen» odola-osagaien erreserban dagoen arazoaz.

Azaltzen duenez, ikerketa ugari dago garraio edo ostatuen inguruko elkarlaneko plataformen erabilerari buruz, baina gutxitan aztertu dira odola ematea bezalako helburu sozialen erabilpena, eta garrantzitsua izan daiteke, bere ustez, «distantziak alde batera utzita, arazoa antzekoa delako» eta gazteak behar direlako sistemak funtziona dezan.

Txileko Astral Unibertsitatearekin elkarlaenan egindako ikerketan 302 boluntariorekin aztertu dituzte motibazio faktoreak, eta horien artean esanguratsu bi aurkitu dituzte: segurtasun giroa garatzeari eta bizimodu modernora egokitzeari lotutakoak.

Ikusi dutenez, garrantzitsua da «segurtasun giro bat garatzea», baina baita «erabiltzaileek garaietara egokitutako ingurune batean daudela eta estilo horri lotutako balioetan parte hartzen dutela sentitzea ere, besteak beste, besteei laguntzea garrantzitsua dela».

Gakoa jarrera positiboak sortzean eta prozesuaren gaineko kontrol eta autosufizientzia sentsazioan dago, laguntzeko asmo handiago bat lortzeko.

Baloratzen den talde bateko kidea izatea

Oro har, inplikatutako faktoreak altruismoarekin lotuta daude, baina baita interes indibidualekin ere, harrotasun-sentsazioarekin eta gizarteak ondo baloratzen duen talde bateko kide izatearekin gertatzen den bezala, planteatzen dute ikerlanen egileek. Gainera, emozio askatuek dohaintzaren aurkako oztopoak gainditzeko balio dezaketeela diote, hala nola antsietatea edo beldurra.

Ikerketak aurrera jarraituko du, kolektiboa handiago batekin eta galdetegi sorta berriekin. UOCeko katedradunaren ustez, «plataforma horiek garrantzitsuak badira bizitza sozial eta kulturalaren beste hainbat alderditan, oso garrantzitsuak izan daitezke odola ematearen testuinguruan» eta eraginkortasun handiago bat izan dezakete

Azterlanak, erantsi duenez, «tresna baliagarria ematen du marketin sozialeko kanpainei eta plataformak garatzeko kanpainei heltzeko, gazteengana eraginkortasun handiagoz iristeko».