GAUR8

Antzinako genomak, gizateriaren iraganaren kontalariak

Duela 35.000 urte Europan bizi zen emakume baten aztarnen gaineko ikerlan batek gure espeziearen bilakaera eta egokitzapenaren inguruko datu berriak eman ditu. Ikerketak EHUko adituen parte hartzea izan du.

Pestera Muieriiko koban aurkitu zen garezurra. Bere genoma osoa orain arrakastaz sekuentziatu da. (Mattias Jakobsson)
Pestera Muieriiko koban aurkitu zen garezurra. Bere genoma osoa orain arrakastaz sekuentziatu da. (Mattias Jakobsson)

EHUko adituen parte hartzea izan duen ikerlan batek gure espezieko lehendabiziko emakumeetako baten genomak aztertu ditu. Duela 35.000 urte Europan bizi izan zen emakume baten gorpuzkien azterketan oinarritu da lana, eta agerian utzi du europar populazioen dibertsitate genetikoaren murrizketa azken glaziazio paleolitikoak eragin zuela, «eta ez ‘botila-lepo’ baten efektuaz, gure arbasoak Afrikatik irten ondoren».

Joan gaitezen Errumaniako hegoaldera. Bertan, Baia de Fier-eko Peştera Muierri izeneko kobazuloan, gure espeziearen lehendabiziko emakumeetako baten aztarnak aurkitu ziren. Haren genoma mitokondriala berreskuratu zen, eta berriki Goi Paleolitoko emakume horren genoma osoa sekuentziatzea lortu da.

Teknika berriei esker, informazio berria dago gure espezieak Europan izan zuen bilakaera eta egokitzapenaren inguruan, Afrikatik lehenengo Homo Sapiensen iritsieraren ondoren. Nabarmendu dutenez, gizaki modernoak Afrikatik kanpo izan duen hedapena aro garrantzitsua da gure historian, eta «Populazioaren ‘botila lepo’ gisa deskribatu ohi da dibertsitate genetikoaren galera eragin zuena».

Hala ere, Peştera Muierii-ren (PM1) genomak erakusten duen aniztasun handiak erakusten du «aniztasun genetikoaren galera handiena Afrikatik kanpoko migrazioaren ondoren gertatu zela, oso klima hotzean (LGM, Last Glacial Maximum), azken Izotz Aroan».

«Emakume horrek giza populazio modernoen eta neandertalen berezko garezur ezaugarriak dituen arren, genoma mitokondrialaren azterketak adierazi du Homo sapiens espeziekoa dela», genoma nuklearrari buruzko azterlan honetan atzemandako nahasketa neandertalaren mailak (% 3,1) Europako gizaki gehienek dituztenen antzekoak baitira.

Genomen analisia eta gaixotasunak

Antzinako genomen analisiak iraganeko erantzun immunitarioari buruzko informazioa ere eskaini du. Aurkitu dute duela 35.000 urte Errumanian bizi zen emakume horrek patogenoen aurkako babesa eta egokitzapen biologiko ona zeukala.

Izan ere, ikerlanean genoma aztertzeko metodologia berriak erabili ziren Goi Paleolitoko gizakien genometan gaixotasuna sor lezaketen aldaera genetikoak bilatu ditu. Itsutasuna eragiten duen Leber 4 sortzetiko amaurosiaren kasuren batean deskribatutako aldaera detektatu zuten. «Aldaera genetiko horrek itsutasuna eragiten zuela egiaztatuz gero, desgaitasunen bat duten pertsonen zaintzaren beste adibide bat izango litzateke», azaldu dutenez.

Ikerketaren ondorioak pasa den maiatzean argitaratu zituzten. EHUko ikerlarien ondoan, Uppsalako Mattias Jakobsson Unibertsitateko ikertalde bat aritu da lanean, Radboud Unibersityko (Holanda) Mihai Netearen zuzendaritzapean.