GAUR8

Mahasti tradizionalek eta besorakoek ez dituzte ugaztun eta hegazti espezie berdinak izaten

Biak dira mahastiak, tradizionalak eta azken urteetan Estatu osoan ezartzen ari diren besorakoak, baina ez dituzte ondoan ugaztun eta hegazti espezie berdinak. Ikerketa bat aztertzen ari da faunaren habitat horietan gertatzen ari diren aldaketak.

Irudian, Xabier Cabodevilla EHUko Zoologia eta Animalien Biologia Zelularreko Departamentuko ikertzailea. (Jordi Martinez Guijosa))
Irudian, Xabier Cabodevilla EHUko Zoologia eta Animalien Biologia Zelularreko Departamentuko ikertzailea. (Jordi Martinez Guijosa))

Estatu espainolak mahastien azalera handia du eta sektorea berregituratze eta areagotze prozesuan murgilduta dago, Europako Batasunak bultzatuta, kostuak murrizteko eta produktibitatea handitzeko.

Aldaketa prozesu horren ondorioz, gero eta besorako mahasti gehiago dago. «Besorako mahasti bilakatzeak mahats altuagoak eskatzen ditu, bilketa mekanizaturako mahatsondo ilara arteko distantzia handiagoa eta ureztatzeko sistema eta lur-zati handiagoak».

Horrek ekarri dituen aldaketen artean, ikusi dute esopeziearen arabera batzuek aukeratzen dituztela labore tradizionalak eta beste batzuek besorakoak, hau da, faunarentzat ez direla berdinak.

Aldaketen ondorioak «ezezagunak» dira oraindik, baina dagoeneko mahastiaren berregituraketak faunan duen eragina aztertzen ari dira. EHUko Zoologia eta Animalien Biologia Zelularreko Sailaren lan bat, IREC-eko eta Michigan Estatuko Unibertsitateko ikerlarien laguntzarekin, errealitate horretara hurbildu da, eta egiaztatu du hainbat espezi daudela mahasti mota batean eta bestean.

Xabier Cabodevilla EHUko ikertzailearen ustez, funtsezkoa da ulertzea «nekazaritzaren modernizazioak nola eragiten dion biodibertsitateari». Horregatik, mahastien egitura eta erabilera zertan aldatzen den ikustea da helburua, normalean bizi diren hegazti eta ugaztunetan duen eraginari erreparatuta.

Mota bietako 52 mahasti

Estatuko hego-mendebaldeko 52 mahasti (26 tradizional eta 26 besorako) aztertu dituzte, egitura eta kudeaketa praktikak konparatu eta mahasti mota bakoitzean ohikoenak diren hegazti eta ugaztunak behatu dituzte.

Cabodevillaren arabera, modernizazioak «ondorio nabarmenak ditu faunaren dibertsitatean», baina ez «eragin negatibo orokorrik». «Ikusi dugu espeziearen araberakoa dela eta espezie batzuk (eper gorria, buztantentea, kardamirua, txolarrea eta zozoa) besorako mahastietan ageri dira sarri eta beste batzuk (txorrua eta untxia), berriz, mahasti tradizionaletan».

Ikerketan ondorioztatu dute espezie batzuek mahastiak erabiltzen dituztela ondoko lurrak goldagarriak badira. Ikertzailearen ustez, espezie horiek, seguruenik, udan babesleku gisa erabiltzen dituzte mahastiak, zereal uzta eginda dagoenean, «berotik babesteko itzal-eskaintzagatik», baina ez habitat egokienak direlako.

Ureztaketa ere mahasti bien arteko beste desberdintasun bat da. «Baliabide hidriko hori erakargarria izan liteke, halaber, hegazti edo ugaztun askorentzat udan», azaldu duenez. Hala ere Cabodevillak ohartarazi du ureztatze sistemek ongarriak zabaltzeko aukera ematen dutela, batez ere nitratoak, eta hori arrisku larria izan daitekeela ur hori edaten duten animalientzat.

Ikerlanak aurrera jarraitzen du ikusteko, hain zuzen ere, ureztapenak zer neurritaraino erakartzen dituen lehorreko laborantzako lurretako hegaztiak eta bestelako animalia basatiak besorako mahastietara. Era berean, aztertu nahi dute ureztatzen sistemaren bidez ongarriak aldi berean aplikatzean «zenbatekoa den nitrato dosi toxikoen eraginpean egoteko arriskua».