GAUR8

Zenbat karbono dioxido barneratzen du baso batek? Erantzuna klorofilako fluoreszentziak eman lezake

Klorofilako fluoreszentzia, klorofilak fotosintesian igortzen duen argi gorri ahula da, giza begientzat ikusezina. Orain sensore optiko hiperespektralekin aztertu daiteke eta horrek ekosistemen egoerari buruzko informazio baliotsua eman dezake.

Irudian, argi ultramorez argiztatuta dagoen antozerote bat. (Jose Ignacio Garcia Plazaola/EHU)
Irudian, argi ultramorez argiztatuta dagoen antozerote bat. (Jose Ignacio Garcia Plazaola/EHU)

Klorofilak, landareek eta algek eguzkiaren argia hartzeko erabiltzen duten pigmentu berdeak, argi gorri ahul bat igortzen du fotosintesian. Klorofilako fluoreszentzia da, giza begiekin ezin da ikusi, baina fotosintesiaren bat-bateko tasari buruzko informazioa ematen du, eta horrek «leiho optiko» bat ematen du, «landarearen egoera funtzionala era osasuna arakatzeko».

“Nature Plants” aldizkarian gaian sakontzen duen artikulu bat publikatu berri da, Jose Ignacio Garcia Plazaola EHUko Landare Biologia eta Ekologia Saileko Ekofisko ikertaldeko kidearen parte-hartzea izan duena.

Klorofilaren fluoreszentzia hosto batean edo maila azpizelularrean neurtzeko eta interpretatzeko hainbat manipulazio metodo ezagutu badira ere, duela gutxira arte ezin izan da kalkulatu eguzkiak zuzenean eragindako klorofilaren fluoreszentzia (SIF) eta ekosistema batean eta eskualde mailan irudiak lortu.

Gaur egungo SIF neurketak egiteko, dorre, dron hegazkin eta satelitetan jarritako sentsore optiko hiperespektralak erabiltzen dira. Bide horretan, Europako Espazio Agentzia Fluorescence EXplorer (FLEX) satelite misioa prestatzen ari da 2024an espazioratzeko, SIFen mapa globalak lortzeko.

Horrek hainbat aplikazio zientifiko eta komertzial izango ditu, landare ekofisiologian, ekologian, biogeokimikan eta doitasunezko nekazaritzan eta basogintzan.

Ekosistemen inguruko informazio gehiago

«Tresna horiek aukera ematen dute landa lanean fotosintesi espaziala eta 3D azterketak egiteko, eta horrek lagunduko du landare edo ekosistema baten zati desberdinen dinamika fotosintetikoarekin zerikusia duten gaiak konpontzen, mundu errealeko baldintzetan», azaldu du Garcia Plazaolak.

«SIF sistema, fenotipatu fisiologikoan eta estresaren detekzio aurre-bisualean ere aplika daiteke, hurrengo belaunaldiko laboreak eta oihanak maneiatzeko praktiketarako tresna indartsua baita», erantsi du.

Zehaztu dute, bestalde, helburuak lortzeko, diziplina anitzeko eta eskala ugaritako lankidetza azterlanak egin behar direla. «Landare biologiaren, teledetekzioaren, agronomiaren eta oihangintzaren esperientzia uztartu egin behar dira, SIFen informazio edukia aplikazio berritzaileetan itzultzeko», nabarmendu dute.