GAUR8

EHU, ibaietako ekosistemenen osasuna aztertzeko planeta mailako sarearen buruan

Ibaietako ekosistemen gaineko azterketa aitzindariak egiten dituen planeta mailako sarea da GLoBE. Biodibertsitate galeraren inguruko inpaktuak neurtzen ari da sei kontinenteetan, 50 ikerketa taldetik gorako parte hartzearekin. Proiektua EHUko ikertzaileak gidatzen ari dira.

Erreken sistemen funtzionamendua mundu mailan aztertzen duen ikerlarien sarearen buruan daude EHUko Ibaien Ekologia taldeko ikertaileak. (EHU)
Erreken sistemen funtzionamendua mundu mailan aztertzen duen ikerlarien sarearen buruan daude EHUko Ibaien Ekologia taldeko ikertaileak. (EHU)

Ibaien biodibertsitate galerari buruzko eskala globaleko ikerketaren emaitzak publikatu dituzte GLoBE sareko ikertzaileek “Science Advances eta Nature Communications” aldizkari zientifiko ospetsuan. Bertan ondorioztatu dute inpaktua handiago bat jasaten dutela eremu tropikalek, eta egoera indarrean dauden legediekin lotzen dute, ez baitira adibidez Europakoak bezain murriztaileak.

Planeta mailako ekimen horretan, kontinente guztietako 50 ikerketa talde baino gehiagok hartzen dute parte metodologia zehatz bat jarraituta, maila globaleko datuak lortzeko.

Metodologia bera

Luz Boyero EHUko Ibaien ekologia taldeko Ikerbasque irakaslea ikerketa sare horren sortzailea eta koordinatzailea da. Sarearen funtzionamendua azaltzeko, zehaztu du esperimentu bat diseinatu eta protokolo bat planteatzen dutela, sareko kide guztiek metodologia bera erabil dezaten.

Eredu hori jarraituz, mundu osoko 23 herrialdetan gutxi eraldatutako eremuetan dauden goi-ibarretako 40 ibai eta errekak aztertu dituzte, eta lehen aldiz frogatu dute eskala globalean, klima eremu ezberdinetan, zer erlazio dagoen biodibertsitate galeraren eta ekosistemaren funtzionamenduaren artean.

«Dibertsitatea oso garrantzitsua da, eta biodibertsitate galerak ondorio larriak izan ditzake aldaketarik eragin ez zaien ibaietako ekosistemen funtzionamenduan», nabarmendu du adituak.

Ikerlanean ikusi ahal izan dute munduko hainbat tokitan ondorioak «handiagoak edo txikiagoak« direla klima-eremuaren arabera. «Dirudienez, ondorio larrienak eremu tropikaletan gertatzen dira, hain zuzen legeria askoz bigunagoak dituzten tokietan, ekosistemei eragin dakizkiekeen aldaketekin, lurzoruaren erabilerekin, pestizidekin, ibaiertzen aldaketarekin eta abarrekin lotutako legeriei dagokienez», azaldu du Boyerok.

Ikusi dute eremu tropikaletan handiagoa dela espezie galeraren inpaktua, «eta gainera badakigu espezie gehiago galtzen direla habitata askoz gehiago eraldatzen delako», esan du ekosistemetan aditua den ikertzaileak.

Finantziazioaren arazoa

Sarearen garrantzia nabarmendu du Boyerok, «talde batek ezin baitu mundua zeharkatu esperimentu guztiak egiteko». Horregatik, azpimarratu du «oso garrantzitsua» dela «gai beretan interesa duten ikertzaile asko konektatuta egotea eta ados jartzea planeta mailan gauzak frogatzera iristeko».

Gogoratu duenez, arazo globalek erantzun globalak behar izaten dituzte, eta hala ere finantziazioa arazo bat da, «oso zaila baita horrelako proiektuentzako finantziazioa aurkitzea». Ikerlan horien garrantzia gero eta frogatuago dagoela esan du Boyerok, baina mundu mailan ez dago horrelako egitasmoak finantzatzen dituen erakunderik.

Mikroplastikoak, hurrengo ikerlana

Nabarmendu du, bestalde, kolaboratzaileak bilatzen ari saiatzen ari direla ikertzaile kide gutxiago dituzten Afrikako eta Asiako eremuetan.

Hurrengo ikerketa globala mikroplastikoen gainekoa izango da, eta protokoloa ari da prestatzen EHUko ikertzailea. «Ikusi nahi dugu ea atmosferan egon daitezkeen mikroplastikoak ekosistema horietara iristen diren eta zer ondorio dituzten», aurreratu du.