GAUR8

Errefuxiatu afganiarren sarbidea eta egokitzapena errazteko neurriak aztertzen ari dira unibertsitate publikoak

Errefuxiatu afganiarren unibertsitatera sartzeko prozesuak malgutzea eta haien eta haien familien integrazioan lagun dezaketen neurriak aztertzen ari dira Hego Euskal Herriko unibertsitate publikoak ordezkatuta dauden Unibertsitateen G-9 Taldean.

Abuztuaren 31n Estatu espainolera heldutako errefuxiatu afganiar talde bat, irudian. (Cristina QUICLER/AFP)
Abuztuaren 31n Estatu espainolera heldutako errefuxiatu afganiar talde bat, irudian. (Cristina QUICLER/AFP)

Unibertsitateko ikasketak hasi edo jarraitu behar dituzten errefuxiatu afganiarren egoera aztertu dute, prozesuak malgutu eta erantzun bateratu bat eskaintzeko, Unibertsitateen G-9 Taldearen Nazioarteko Harremanen Batzorde Sektorialean.

Unibertsitateen G-9 Taldea dagokien autonomia erkidegoan beste unibertsitate publikorik ez duten unibertsitateek osatutako elkartea da. EHU/UPV-k eta Nafarroako Unibertsitate publikoak ordezkaritza dute foro horretan.

Talde horren Nazioarteko Harremanen Batzorde Sektoriala online bildu da, Estatu espainolera heldu diren Afganistango errefuxiatuen beharren aurrean erantzun bateratu bat adosteko, «batez ere unibertsitatera sartzeari edo unibertsitate ikasketak jarraitzeari dagokionez».

«Gai horri buruzko lehen bilera horretan, Nazioarteko Harremanen Batzorde Sektorialeko kideek kezka berezia agertu zuten emakume afganiarren egoeragatik eta oraingo inguruabarretan unibertsitatera sartzeko dituzten baldintzengatik», azaldu du EHUk ohar batean.

Autonomia erkidego bakoitzak hartzen dituen errefuxiatu afganiarrei buruzko ekintzak koordinatzeko, eskualde gobernuekin harremanetan jartzea da batzordeak hartu duen erabakietako bat.

«Ad hoc» ikastaroak

Horren ondoan, EUEB Unibertsitateak erakundearekin (unibertsitate errektoreak biltzen dituen erakundea) elkarlanean arituko direla adostu dute, Unibertsitateen Ministerioarekin pertsona horiek sartzeko prozesuak malgutzeko beharra jorratu dadin.

Era berean, haien Hizkuntza Zentroen bitartez espainiera ikastaroak eskaintzea proposatu dute, eta «osagarri» gisa «kultur alderdiei buruzko ad hoc ikastaroak» aztertzea planteatu dute, eskaintza haien familiei zabaltzeko aukera kontuan hartuta.

Asiako herrialdetik heldu diren gazteak unibertsitatera sartzeko prozesua eta tituluen homologazioa bezalako alderdiak arautu bitartean, unibertsitatean onartzeko, matrikula osagarriak eta berezko tituluak baliatzeko konpromisoa aztertu zuen batzordeak.