GAUR8

UPV/EHUk unibertsitateko masterrak egiteko laguntzen funts bat sortu du

2021-2022 ikasturtean unibertsitate masterrak egiteko 300.000 euroko balioa duen funtsa sortu du. Helburua ziklo horretan ari diren ikasleei laguntzea da eta urteko laguntzak izango dira

Tere Ormazabal. UPV/EHU
Tere Ormazabal. UPV/EHU

Laguntzen helburua ikasleei erraztasunak ematea da, prestakuntza ziklo horretan sartu eta ikas dezaten, graduko ikasketak amaitu ondoren. Laguntzak 3.000 eurokoak izango dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bizi diren ikasleentzat, eta 4.500 eurokoak, berriz, beste autonomia erkidego edo herrialde batzuetan bizi diren ikasleentzat. Laguntza horien onuradunak diren ikasleek, 90 edo 120 ECTS kredituko masterretan matrikulatuta badaude eta graduondokoa amaitzeko ikasturte bat baino gehiago behar badute, laguntza osagarri bat jaso ahal izango dute, iraupenarekiko proportzionala izango dena.

Laguntzak emateko balorazio irizpideei dagokienez, lehendabizi, espediente akademikoa dago, eta, gero, modu osagarrian, ikasleek alegatu ditzaketen beste merezimendu batzuk, hala nola atzerriko hizkuntzak ezagutzea, estatuko eta nazioarteko jarduera akademikoetan izandako parte hartzea, beste titulu batzuk edukitzea, eta ikasleen ordezkaritza organoetan parte hartzea. Eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da urriaren 11ra arte. Gaur egun, UPV/EHUk 3.900 inguru ikasle ditu master ofizialetan.

Graduondokoaren eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreorde Montse Maritxalarren iritziz, horrelako ekimenen bidez UPV/EHUren graduondoko ikasketak indartu nahi dira hainbat zentzutan: «alde batetik, gure ikasleei erraztasunak eman nahi dizkiegu graduondoko ikasketak egin ditzaten: unibertsitate publiko bat gara, eta, hala izanik, hainbat ekimen ditugu ikasleek, arrazoi ekonomikoak direla eta, goi mailako ikasketak egiteko izan ditzaketen oztopoak gutxitzeko; bestalde, bikaintasuneko ikasleak erakartzeko interesa ere badugu».