GAUR8

Zientzia irekiari buruzko nazioarteko lehen esparrua adostu dute

Unescok zientzia irekiari buruzko esparrua sortzea onartu du, 193 herrialderen oniritziarekin. Arau komun batzuk adostu dituzte, ezagutza partekatu eta aurkikuntza zientifikoak gardenagoak eta eskuragarriagoak egiteko.

Audrey Azoulay Unescoko zuzendari nagusia, artxiboko irudian. (Julien DE ROSA/AFP)
Audrey Azoulay Unescoko zuzendari nagusia, artxiboko irudian. (Julien DE ROSA/AFP)

Audrey Azoulay Unescoko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, covid-19aren pandemiak agerian utzi du zientzia irekiko praktikek «politika zientifikoaren eta gizartearen arteko loturak indartu ditzaketela», eta gogoratu du praktika horien artean besteak beste argitalpen zientifikoetarako sarbidea, datuen trukaketa eta komunitate zientifikoaz haragoko lankidetzak daudela.

Gomendioa zientzia irekiko praktikak areagotzeko bultzada izango da, «babes handiagoa» izango baitute, eta ikerketaren emaitzak «guztiontzat onuragarriak» direla bermatuko da, adierazi du Azoulayk.

Unescoren arabera, egun argitalpen zientifikoen %70 ordainpekoak dira, baina azken bi urteetan, proportzioa %30era jaitsi da koronabirusari buruzko argitalpenen kasuan, eta horrek zientzia irekia izan daitekeela erakusten du Nazio Batuen Erakundearen ustez.

Argitalpenak, datuak… eta hardwarea partekatzeko

Testua onartzeari esker, gainera, zientzia irekiaren definizio unibertsala eman ahal izan da, eta, horren bidez, zientzialariek eta ingeniariek «lizentzia irekiak» erabili ahal izango dituzte «beren argitalpenak eta datuak, programa informatikoak eta baita hardwarea ere zabal partekatzeko», nazioarteko lankidetza zientifikoa sustatzeaz gain.

193 herrialdeek erabaki dute arau komun batzuk betetzea ibilbide-orri batean ezarritako balioen inguruan.

Akordioak eskualdeetan eta nazioartean finantzaketa-mekanismoak ezartzea eskatzen du, funts publikoekin finantzatutako ikerketa orok zientzia irekiaren printzipioak eta balioak errespetatzen dituela bermatzeko.

Gomendioen artean, honako hauek nabarmentzen dira: zientzia irekiaren eta hari lotutako onura eta erronken elkar ulertze komuna sustatzea; ingurune politiko egokia garatzea; ingurune horri lagunduko dioten azpiegituretan inbertitzea, baita formakuntzan, hezkuntzan eta alfabetatze digitalean ere; eta nazioarteko lankidetza sustatzea, arrakalak murrizteko.