GAUR8

Bioerregai aitzindariak sortzeko teknologia iraultzaile bat garatzeko proiektu baten buru da EHU

EHUko ikerketa talde bat bioerregai aitzindariak sortzeko teknologia bat garatzeko proiektu baten buru da. Materialen zientzia, adimen artifiziala eta erreakzio kimikoaren arloak uztartuko ditu ikerketak.

Irudian, Iker Aguirrezabala SUPREN taldeko ikerlaria eta proiektuaren burua eta egitasmoa zuzentzen duen Pedro Luis Arias ikertzailea.
Irudian, Iker Aguirrezabala SUPREN taldeko ikerlaria eta proiektuaren burua eta egitasmoa zuzentzen duen Pedro Luis Arias ikertzailea. (Fernando Gomez/EHU)

Bioerregai aitzindariak sortzeko teknologia bat diseinatzea da CATART europar proiektuaren helburua, eta EHUko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurumenaren Ingeniaritza Saileko SUPREN (SUstainable PRocess ENgineering) ikerketa taldea horren buru da. Datozen lau urteetan, ikerketak 3,2 milioi euro jasoko du.

EHU buru duen ikerketa proiektua materialen zientzia, adimen artifiziala eta erreakzio kimikoa eremuen uztarketan murgilduko da. «Eguzki energia jasotzeko teknologia bat garatu nahi du, eta hortik abiatuta, ur edo karbono dioxido molekulak hidrogenoa edo karbono monoxidoa sortzeko baliatu, hurrenez hurren», azaldu du Iker Agirrezabal proiektuaren buruak. Gogoratu duenez, «bi produktuek hainbat aplikazio dituzte industria kimikoan, eta hidrogenoa erregai berde gisa erabil daiteke».

Eguzki argiaren bidez

Helburua eguzki argiaren bidez erabili ahal izango den teknologia edo prototipo bat diseinatzea da, «leku bakoitzeko baldintza meteorologikoetara egokitzeko gai dena, ahalik eta hidrogeno eta karbono monoxido gehien sor dezan», erantsi du.

Egitasmoaren inguruan, «fotonikaren, materialen zientzien, katalisiaren, ingeniaritza kimikoaren eta adimen artifizialaren (machine learning bidez) ezagutzak konbinatuta, teknologia autonomo bat garatu ahal» izango dela zehaztu dute, «produktibitatea maximizatzeko gai dena».

Garatu nahi duten teknologiaren berrikuntza «erreakzio kimikoa egiteko eta, aldi berean, produktua bereizteko gai diren materialak diseinatzean datza», argitu dutenez, eta nabarmendu dute ez dagoela hiru osagaiak integratzen dituen teknologia edo ekiporik. Hainbat produktu kimiko ekoizteko modua aldatuko duen egitasmoa dela zehaztu dute.

EHUko SUPREN ikerketa taldeak gidatzen du egitasmoa eta hurrengo unibertsitate eta zentroek hartzen dute parte: Pavia Unibertsitatea (Italia), Glasgow-eko Unibertsitatea (Bretainia Handia), Eindhoven-eko Unibertsitatea (Holanda), Amsterdamgo Unibertsitatea (Holanda), Berlingo Max Planck Institutua (Alemania), Chemify, robotika eta adimen artifizialaren alorretan lan egiten duen Glasgow-eko Unibertsitatearen startup-a eta Johnson Matthey enpresa ingelesa, batik bat katalizatzaileen diseinuan eta ekoizpenean lanean diharduena.