GAUR8

20 zientzialari gazte kontratatzeko deialdia ireki du Ikerbasquek

«Research Fellow» izeneko programaren bidez 20 ikerlari gazte kontratatzeko deialdia ireki du Ikerbasquek. Ezagutza arlo guztietako hiru eta hamar urte arteko esperientzia duten mundu osoko ikerlariek aurkez dezakete eskaria. Kanpoan dauden euskal ikerlariak erakarri nahi ditu ekimenak.

Ikertzaile bat Ikerbasque zentroan lanean, artxiboko irudian.
Ikertzaile bat Ikerbasque zentroan lanean, artxiboko irudian. (Jon URBE | FOKU)

Ikerbasqueren “Research Fellow” programaren bidez 80 lagun izan dira kontratatuak azken urteetan. Orain, deialdi berri bat ireki berri du ikerketa zentroak jakintza arlo ezberdinetako beste 20 ikertzaile bost urtez kontratatzeko.

Ezagutza arlo guztietako mundu osoko adituei zuzenduta dago ekimena, eta Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailaren laguntza du, «goi mailako ikertzaile gazteen ‘harrobi’ bat sustatu» asmoz.

Programak helburu bikoitza du: atzerrian lanean dauden zientzialariak erakartzea eta EAEn ikertzen dihardutenei «beren ibilbidea sendotzeko aukerak eskaintzea». Izan ere, aukeratuek bost urteko kontratua izango dute, baina lanpostu iraunkorra lortzeko aukerak izango dituztela nabarmendu dute.

Deialdi honen bidez, azpimarratu dutenez, bereziki emakume ikertzaileen kontratazioa eta EAEtik kanpo lanean dauden ikertzaile gazteen itzulera bultzatuko da.

Eskaerak, martxoaren 15a arte

Eskaera aurkezteko epea martxoaren 15a arte egongo da zabalik, Ikerbasqueren web orrian. Eskatzen den baldintza bakarra hiru eta hamar urte arteko eskarmentua izatea da.

Hautaketa Europako Batzordearen irizpideen araberako ebaluazio-prozesu sakonaren bidez egingo dela zehaztu dute. Deialdian aukeratutako zientzialariek unibertsitate eta ikerketa zentroetan lan egingo dute jakintza arlo guztietan, «bai zientzia esperimentalean (biologia, kimika, fisika), bai medikuntzan, matematika, ingeniaritzan, gizarte zientizetan eta giza zientzietan ere».

Ohar batean gogoratu dutenez, Ikerbasquek Europako Batzordearen 4 milioi euro lortu zituen 2021ean, «garapen zientifikoa bultzatzeko Europako ekimenik onenetakotzat aukeratua izan ondoren». Hurrengo lau urteetan 100 ikertzaile kontratatzeko asmoa du euskal zentroak, eta horietatik 36 Europako Batzordeak finantzatuko ditu.