GAUR8

Basoen kudeaketa aztertzeko eta hausnartzeko jardunaldiak Larrabetzun

Basoen kudeaketa hizpide, herri mailako azterketa eta hausnarketa zabaltzeko espazioa jarri dute abian Larrabetzun. «Gure baso lurrentzat alternatibak irudikatzen» izenburupean, bigarren jardunaldi bat dute aste honetan, eredu ezberdinak aztertzeko.

Basogintzaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte Larrabetzun, kudeaketa eredu ezberdinak aztertzeko.
Basogintzaren inguruko jardunaldiak antolatu dituzte Larrabetzun, kudeaketa eredu ezberdinak aztertzeko. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Larrabetzun, hausnarketa prozesu bat zabaldu dute basoen kudeaketaren inguruan, eredu ezberdinen azterketa bultzatuz. Horretarako, ”Baso jardunaldiak” ospatzen ari dira herrian, «Beste basogintza bat posible da» azpitituluarekin.

Ekimena mendi publikoen kudeaketari begirakoa da baina jabe pribatuekin ere partekatu nahi izan dute, ustiaketa eredu ezberdinetan sakontzeko. Jardunaldiak iragartzen dituen kartelean planteatzen denez, pinudietan sortutako «banda marroiaren aurrean», «lasaitasunez pentsatu eta gure baso-lurrak kudeatzeko erabakiak hartu ahal izateko espazioa» sortzea da helburua.

Hausnarketa kolektiboa lehen sektorearen inguruan diharduen herriko Gurpide elkarteak eta Udalak bultzatzen dute, basogintzan eta proiektu hezitzaileetan lan egiten duen Besaia herriko enpresaren parte hartzearekin.

Urtarrilaren 18an lehen hitzaldi bat izan zen, gaur egungo basoen egoera aztertzeari begira. Aste honetan, hilaren 3an, bigarren hitzordu bat jarrita dute, “Gure baso lurrentzat alternatibak irudikatzen” izenburupean. Hirugarren hitzordu bat izango da otsailaren 12an, “Lur-sail eredugarrietara bisita gidatua” egiteko.

Udal basoetan zer egin eta pribatuetan, aukerak planteatzea 

Larrabetzuko Udalak basoak erosteko diru partida bat egokitu zuen iaz aurrekontuetan, bide horretan udalarenak izango diren basoetan zer egin hausnartzeko prozesua jarri zuten abian, Iñigo Gaztelu alkateak GAUR8ri azaldu dionez.

«Gure asmoa izan da Gurpide eta Besaiderekin batera herritar guztien artean zer aukera dauden eta nondik bota behar dugun aztertzea», zehaztu du udal mandatariak jardunaldien inguruan. Erantsi duenez, inguruan dauden baso mota ezberdinak eta Bizkaian dagoen egoera aztertzeko lehen hitzaldiaren ostean, aste honetan basoen kudeaketan dauden alternatiba ezberdinak jarriko dira mahai gainean, eta hirugarren ekitaldia, bertoko zuhaitzekin herrian bertan dauden beste baso ereduak ikusteko bisita izango da.

Gazteluk azaldu duenez, mendi publikoen kudeaketaren inguruko hausnarketarako espazio honetan basoen jabe pribatuak ere gonbidatu dira, pinuen gaitzaren aurrean zer egin argi ez duten herritarrekin informazioa partekatu eta eukaliptoaz gain dauden aukera ezberdinak aztertzeko.

Jardunaldietan parte hartzeko izena eman behar da udaletxean.