GAUR8

Materialen ezaugarriak egiaztatzeko laborategia du Goierri Eskolak, SES arloan formakuntza emateko

Pieza edo materialen ezaugarriak kalterik gabe egiaztatzeko entseguen gune berria jarri du abian Goierri Eskolak. Laborategia SES (Saiakuntza Ez Suntsitzaileak) formakuntza ematera bideratuta dago, egun industria mundurako «funtsezkoa» den arloan trebatzeko.

SES ikasketekin lotuta Goierri Eskolak materialak egiaztatzeko abian jarri duen entseguetarako gune berriaren aurkezpena.
SES ikasketekin lotuta Goierri Eskolak materialak egiaztatzeko abian jarri duen entseguetarako gune berriaren aurkezpena. (Goierri Eskola)

Arlo teknologikoko ikasketetan zentratuta, Goierri Eskolak piezen edo materialen ezaugarriak egiaztatzeko egiten diren entseguen gune berri bat jarri du abian. ‘Goierri NDT Lab’ du izena, eta Saiakuntza Ez Suntsitzaileetan (SES) formakuntza ematera bideratuta egongo da.

Zentroak ohar batean azaldu duenez, kalterik egin gabe materialen ezaugarrien inguruko entseguak egitera bideratuta dago gune berria, SES izeneko formakuntza eskaintzaren barruan.

Teknika horiek duten garrantzia nabarmendu dute, industrian osagaien kalitatea erabat lotuta dagoelako osagaien segurtasunarekin. «Fabrikazio prozesuan edo zerbitzuan egon daitezkeen akatsak antzemateko saiakuntza ez-suntsitzaileak egitea funtsezkoa da azpiegituren, garraioaren eta industria-instalazioen segurtasunerako».

Arloko 200 profesional urtean

Goierri Eskola «ikasgai hauetan irakasleria propioa» duen Estatu espainoleko lanbide heziketako zentro bakarra da, eta «CERTIAEND ziurtapen erakundeak onartutakoa». Aurreikusitakoaren arabera, 200 lagun inguru formatuko ditu urtean.

SES ikasketak eskaintzen dituen hiru lerroetako bat da, Informazio eta Komunikazio Teknologiak eta 4.0 Industriaren ondoan. Egun, 1.200 ikasle baino gehiago ditu ikastetxeak, Lanbide Heziketan, Batxillergoan, Ingeniaritza ikasketetan eta master batean.

Gune berriaren aurkezpena pasa den ostegunean izan zen. Mikel Iparragirre Goierri NDT Lab gunearen koordinatzaileak azaldu zuenez, «fabrikazioan eta zerbitzuan dauden produktuek haien erabilera bermatzen dutela eta, batez ere, instalazioen eta pertsonen segurtasuna bermatzen dutela egiaztatzea da SES-en helburua».

Zentroko arduradunek azpimarratu zuten entseguetarako gune berria «urrats berri bat» dela urteetako ibilbidea duen formakuntza lerro batean. Izan ere, zehaztu zuten Goierri Eskolak hogei urte baino gehiago daramatzala SES formakuntzan lanean, «irakasleriaren formakuntzan eta zertifikazioan sakonduz, horretarako instalakuntzak egokituz eta ekipamenduetan inbertsioak eginez».

Gogoratu zuten, bestalde, Goierri Eskolak nazioarteko hainbat programatan parte hartzen duela eta, aldi berean, enpresekin elkarlanean dihardu hainbat proiektutan, langabeei zuzendutako ikastaroak eskaintzen ditu eta enpresentzako SES prozedurak diseinatzen ditu edo enpresen behar zehatzetara bideratutako kurtsoak eskaintzen ditu, besteak beste.