GAUR8

Datu genetikoen fluxu librea bermatzen duen arau esparrua eskatu dute mundu osoko 41 ikerlarik

Bost kontinenteetako 41 zientzialarik datu genetikoen mugaz gaindiko fluxu librea bermatzeko eskatu diote NBEri. Datu-trukeak biodibertsitatearen kontserbazioan eta ikerketa biomedikorako duen garrantzia nabarmentzen dute, covid-19aren testen eta txertoen garapena aipatuz.

Ikerlari bat laborategian lanean, artxiboko irudian.
Ikerlari bat laborategian lanean, artxiboko irudian. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Dibertsitate Biologikoari buruzko Nazio Batuen Hitzarmena sinatu duten 196 herrialdeek Biobibertsitatearen 2020 Osteko Esparru Globala negoziatu behar dute orain. Jokoan dagoena garrantzi handiko akordioa da, «datozen hamarkadetan planeta babesteko aukera emango duten ekintzak gidatuko dituen» araudi-markoa ezarri behar baitu.

Testuinguru horretan, baliabide genetikoetatik eratorritako datuak, hau da, «sekuentziari buruzko informazio digitala» edo DSIa (Digital Sequence Information, ingelesez), negoziaketaren tirabira-puntuetako bat izaten ari da.

DSI izenez ezagutzen diren datu horiek erabateko garrantzia dute, aditu ezberdinek nabarmentzen dutenez. Ibon Cancio Biologia Zelularreko irakasleak azaldu duenez, informazio hori «organismo baten gene bati edo genomari dagokion informazio nukleotidikoa» da, eta «gene edo genoma digitalki definitzen da A, T, G eta Cz osatutako sekuentzia baten bidez».

Baliabide horien erabilera funtsezkoa da, datu horiek aurrerapen zientifikoak ahalbidetzen dituztelako. Canciok azpimarratutakoaren arabera, «funtsezkoak dira gizakien, animalien eta landareen osasunari, elikadura-segurtasunari eta ingurumenari buruzko funtsezko gaietan jarduteko».

EHUko “Campusa” agerkarian plazaratutako artikulu batek jasotzen duenez, zientzialariek «bide luze eta arrakastatsua» egin duten DSIa modu irekian partekatuz, «partekatzearen kultura hori biodibertsitatearen ardatza» baita.

Online datu base genikoek ehunka mila organismoen DSIa daukate eta etengabe aberasten doaz sekuentzia berriak gehituz. Ikerketa munduarentzat datu horiek «funtsezkoak» dira gizakien, animalien eta landareen osasunari, elikadura-segurtasunari eta ingurumenari buruzko funtsezko gaietan jarduteko. Horren adibide bat: DSI-trukea «erabakigarria» izan da covid-19aren kasuan «lehen diagnostiko-testak eta txertoak azkar garatzeko».

Jarduera zientifikoaren demokratizazioa

Uda honetan burutuko den Biodibertsitatearen 2020 Osteko Esparru Globalaren inguruko negoziaketa horri begira, bost komunitateetako komunitate zientifikoko 41 kide «DSIa eskuratzeko eta erabiltzeko araudiaren esparruan irtenbide politiko zuhur bat eskatzeko».

Zientzialari talde horretan Ibon Cancio euskal ikerlaria dago. Berriki “Nature Communications” aldizkarian argitaratutako artikulu batean biodibertsitatearen kontserbazioa kontuan hartzea eskatzen dute, baita «DSIa erabiltzea eragin dezakeen onurak modu justu eta bidezko batean banatzeko aukera emango duen mekanismo bat» lortzearen beharra ere, «informazioa libreki eskuratzeko aukera oztopatu gabe».

Canciok berak azpimarratu duenez, «DSIrako sarbide irekiaren iraultzak –datuen mugaz gaindiko fluxu libre bermatzen duenak– jarduera zientifikoaren demokratizazioa ekarri du, eta sekuentzia genetikoaren inguruko informazioa libreki eskuratzeko aukera ematen du, ikerketa biomedikorako eta biodibertsitatea zaindu eta babesteko».