GAUR8

Deabruak Lekeitioko «correfoc»-ak 10. urteurrena ospatuko du aurten

Lekeitioko Deabruak su-ikuskizuneko antzerki taldeak azken urteotan piztutako ilusioak gogoratu eta 10. urtemuga ospatzeko abian dituen ekimen berrien inguruko hainbat zertzelada eman ditu. Taldeari buruzko dokumentala eta erakusketa aipatu dituzte, baita ikuskizun berriak ere, suaren ikuskizunaren hariari segida emateko.

Deabruak taldeko kideak, igandean egindako aurkezpen herritarreko argazkian.
Deabruak taldeko kideak, igandean egindako aurkezpen herritarreko argazkian. (Deabruak)

«10 urtez, 11 sugar!» goiburutzat hartuta, aurten hainbat ospakizun izango ditu Lekeitiok, Deabruak su-ikuskizuneko antzerki taldearen eskutik. Ekimenak proiektua posible bihurtu eta babesa eman dioten guztiei eskainita egongo dira.

Ekainaren 23a izango da zehazki taldeak hamar urteak beteko dituen eguna, baina ospakizunak hilabete batzuk aurreratuko dira. Duela hamar urteko uda hasiera hartan, «kulturak, antzerkiak eta suak liluratuta» herritar talde baten ekimenez jaio zen «Euskal Herriko correfoc talde bakarra», gogoratu du taldeak ohar bidez.

Urtemuga aukera ezin hobea da hasiera haietara begira jartzeko, ibilbidea gogora ekarri eta jasotako babesa eskertzeko, azaldu dutenez. Horregatik, ospakizunak urte osoan zehar luzatuko dira, eta horien artean badaude hurrengo asteetarako prestatutako proposamen batzuk.

Hasteko, abian jarri dute «egindako ibilbidearen uzta» jasoko duen dokumentalaren proiektua, Ibai Zabalaren gidaritzapean. «Urteetako ikuskizunak, hausnarketak, abenturak eta eboluzioa» bilduko ditu lanak, «hasieratik taldea bultzatu eta babestu duten herritarrak eskertuaz batera».

Apirilaren bukaerarako, bestalde, helduentzako piroteknia eta ikuskizuneko kontu ezberdinei buruzko ikastaroa antolatu dute, eta uda amaieran taldearen ibilbidearen gaineko erakusketa zabalduko dute eskolapeko aretoan.

Ikuskizun berriak eta Korrika

Horiek dira aurrerapen gisa iragarritako ekitaldi batzuk, baina badaude «esku artean» dauden beste kontu batzuk. Horien artean ikuskizun berriak aipatu dituzte, Kataluniako Riudoms herrira bidaia eta 22. Korrika –apirilaren 7an, arratsaldez igaroko da herritik– aipatu dituzte.  

Ospakizun-ekitaldiak bizitakoa oroitu eta herrian jasotako babesa eskertzeko baliatu nahi ditu Deabruak taldeak. Horregatik, gonbidapen berezi bat luzatu du ekitaldi ezberdinetan parte hartzeko.