GAUR8

Emakume arkitektoen lanbidea eta komunikazioa aztertzeko jardunaldia Bilbon

Emakume arkitektoen lana aztertuko duen jardunaldia antolatu du Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak hilaren 23rako. Egoera historikotik egungo Instagrameko garaietara, emakumeen lanaz gain komunikazioa ere aztertuko dute profesional ezberdinek.

Irudian, Ines Sanchez de Madariaga, jardunaldiko hizlarietako bat.
Irudian, Ines Sanchez de Madariaga, jardunaldiko hizlarietako bat. (@COAVNbiz)

Emakume arkitektoen lana ikusarazteko, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak lanbidearen komunikazioaren gaineko jardunaldi bat antolatu du martxoaren 23rako, sei profesionalen eskutik.

Lau hitzalditan bi ikuspegi jorratuko dira; «alde batetik, arkitekturaren munduarekin zerikusia duten pertsonen arteko komunikazioa» testuinguru historikoan eta gaur egungoan, eta, bestetik, «emakume arkitektoek arkitekturaren komunikazioan gizarteari egiten dioten ekarpena».

Olatz Ocerin, Ines Sanchez de Madariaga, Lorenzo Barno eta Agnieszka Stepien, eta Ana Belen Lopez eta Nazareth Gutierrez dira parte hartuko duten profesionalak, Blanca Arriolak gidatutako saioan.

Jardunaldia aurrez aurre egingo da baina online jarraitzeko aukera izango dela zehaztu dute antolatzaileek. Kasu bietan, aurretik izena eman behar da kultura.bizkaia@coavn.org helbidean, martxoaren 22ko 12.00ak baino lehen.

Jardunaldia 9.30ean hasiko da, eta ikuspegi historiko batetik 1752. eta 1936. urteen artean Estatu espainoleko emakume arkitektoen errealitatean sakonduko du Olatz Ocerinek “Emakume arkitektorik ez Espainian” hitzaldian.

Hurrengo saioan, “Emakumeen egoera Espainiako arkitekturan” hitzaldia eskainiko du Ines Sanchez de Madariagak, azterlan baten emaitzetan oinarrituta. Dauden integrazio arazo «horizontalez zein bertikalez» hitz egingo du adituak, baita ematen diren soldata arrakalez ere.

Lorenzo Barno eta Agnieszka Stepien egungo «Instagram garaiotara» hurbilduko dira, lanbideak komunikazioan dituen gabeziak aztertzeko. Garatuko duten gaiaz aurreratu dutenez, «arkitektook nahiko gaizki komunikatu gara gure zerbitzuak jasotzen dituen gizartearekin».

Plano horretan, agertokian dauden aurpegi berriek eta Youtube kanalak bezalako esperientziak aztertuko dituzte, emakumeen presentziaren ikuspegitik.

Ana Belen Lopez eta Nazareth Gutierrezen konferentziak itxiko du jardunaldia, azken mahai-inguruaren aurretik. Profesional horiek aurreratu dutenez, «agortutako eta norabide bakarreko komunikazio ereduez nekatuta, ohikoa den erakusketa formatuaren erosotasunetik aldetzen den proposamenean» sakonduko dute.