GAUR8

Kulturartekotasuna, arbaso atzerritarrak eta emakume arrazializatuak, «Descendents»-en zineforumean

Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdian saritutako «Descendents» lana ostegunean Bilborocken ospatuko den zineforumaren protagonista izango da. Bi saio izango ditu, eta kulturarteko bizikidetza, genero-ikuspegi transbertsalak eta arrazializatutako emakumeek pairatzen dituzten arrazakeriak mahai gainean izango diren gaietako batzuk dira.

«Descendents» kulturartekotasuna lantzen duen dokumentalaren kartela.
«Descendents» kulturartekotasuna lantzen duen dokumentalaren kartela. (KCD GGKE)

Bilboko “Film Sozialak” Zinema Ikusezinaren Nazioarteko Jaialdian Kulturartekotasuna kategorian saritutako “Descendents” dokumentala pantaila handira itzuliko da ostegunean (hilak 24). Filma Bilborocken ospatuko den zineforum baten protagonista izango da filma, plazaratzen dituen gaien inguruko eztabaidarako abiapuntu gisa.

Bilboko Udala eta KCD GGKEren arteko lankidetzaren emaitza da ekimena, eta bi saio eskainiko ditu, horietako bat hezkuntza komunitateko eta esku-hartze sozialaren alorreko entitateei zuzenduta egongo dena.

Antolatzaileek azaldu dutenez, asmoa da urrian izan zen jaialdian saritutako lanak berriro proiektatzea eta film horiek eragin dezaketen eztabaidan sakontzea.

“Descendents” dokumentalaren kasuan, «arbaso atzerritarrak dituzten gazte katalanen ikuspuntutik» lantzen dituen gaiak nabarmendu dituzte, «funtsezkoak» baitira «kulturarteko bizikidetzarako eta arrazakeriaren kontra egiteko».

Hitzordua Arraza-bereizketa desagerrarazteko nazioarteko egunaren testuinguruan antolatu dute, eta erantsi dutenez, filmean agertzen diren beste gai batzuen artean genero-ikuspegi transbertsalak eta arrazializatutako edo jatorri atzerritarreko emakumeek pairatutako indarkeriak ere badaude.

Zineforumak bi saio izango ditu, goizean eta arratsaldean, eta proiekzio bietan filmaren zuzendarietako bat den Judith Arandaren eta Moviment Afrobanyoli Social elkarteko Assa Macalouren parte hartzea iragarri dute.

Hezkuntza, esku-hartze soziala eta gazteak

Goizeko saioa 11.00etan izango da, hezkuntza-komunitateko eta esku-hartze sozialaren arloko entitateei zuzenduta. Saio hori EHUko Hezkuntza Fakultateak dinamizatuko du, eta parte hartzeko beharrezkoa da izena aurretiaz ematea, inmigracion@bilbao.eus helbidera mezu elektronikoa bidaliz. Mezuan, izen-abizenak, telefono zenbakia eta erreferentziazko entitatea adierazi behar da.

Arratsaldeko saioa 18.30ean hasiko da, sarrera librekoa izango da, eta bereziki nerabe eta gazteei zuzenduta dago. Bilboko Immigrazio Kontseiluaren kideek dinamizatuko dute eta metodologia Immigrazio eta berdintasuneko udal taldeekin landu dutela zehaztu dute.