GAUR8

Vigicovid, covid-19aren inguruko ezagutza zientifikoa galdera-erantzunetan

EHUko, UNEDeko eta Elhuyarreko ikertzaileek covid-19aren inguruan sortutako ezagutza eskuratzea errazten duen sistema garatu dute. Adimen artifizialaren bidez, Vigicovid-ek artikulu zientifikoetan aurkitutako erantzunak eskaintzen ditu era antolatuan, hizkuntza naturaleko galdera-erantzunak erabiliz.

Eneko Agirre eta Xabier Saralegi, Vigicovid sistema sortu duten ikertzaileetako bi.
Eneko Agirre eta Xabier Saralegi, Vigicovid sistema sortu duten ikertzaileetako bi. (EHU)

Mundu osoan zehar covid-19aren eta SARS-CoV-2aren inguruan burutzen ari den ikerkuntzaren ondorioz artikulu asko sortzen dira, eta oso azkar, gainera. Hain azkar sortzen den informazio bolumen handiak kontsulta eta azterketa zailtzen ditu. Horregatik, ezagutza hori guztia eskuratzea errazten duen sistema sortu dute. Vigicovid du izena, eta galderak hizkuntza naturalean eginda, dagoen informazio zientifikoa eskaintzen du.

EHUko, UNEDeko eta Elhuyarreko ikertzaileek lankidetzan sortutako sistema da. «Erantzunak bilatzeko beharrari erantzuten» dio, batez ere adituek edota erabakiak hartu behar dituzten agintariek beharrezko duten ezagutza eskuratzea errazteari begira.

EHUko HiTZ zentroko, UNEDeko NLP&IR taldeko eta Elhuyarreko Adimen Artifiziala Hizkuntza unitateko ikertzaileek garatu dute sistema, CRUEk emandako “Fondo Supera Cobid-19” funtsa baliatuz. «Argitaratutako artikulu zientifikoen bilduma eguneratu batetik hizkuntza naturaleko galdera-erantzun bidez informazioa erauzten duen prototipoa» da sortu dutena.

Vigicovid sisteman «erabiltzaileak ez du gako-hitzen bidez eskatzen, baizik eta zuzeneko galdera eginez», argitu du Xabier Saralegi Elhuyarreko ikerlariak. Zehaztutakoaren arabera, sistemak bi pauso erabiltzen ditu galderen erantzunak bilatzeko: lehendabizi galdera erantzun dezaketen dokumentuak berreskuratzen ditu bildumatik; eta ondoren, berriro prozesatzen dira galdera-erantzuneko sistema baten bidez, erantzun zehatzak lortzeko.

Zehaztu dutenez, «sistema gai da galdera eta dokumentu bana emanda esateko erantzuna dokumentu horretan dagoen edo ez, eta erantzuna dokumentuan baldin badago, esateko zehazki non dagoen».

Informazioa kontsumitzeko prozesua errazten du

«Premiazko informazio-beharrak daudenean bilaketak egiteko beste modu bat lortu dugu, informazioa kontsumitzeko prozesua errazten duena. Ikertzaile gisa frogatu dugu guk proposatzen dugun teknologia posible dela, eta sistemak emaitza onak ematen dituela», adierazi du Eneko Agirre HiTZ zentroaren zuzendariak.

Sistemak dakarren paradigma aldaketan jarri du azpimarra Agirrek. «Orain arte sarean informazioa bilatzean, galdera bat sartu, eta bistaratzen ziren dokumentuetan bilatu behar izaten da galdera horren erantzuna. Paradigma berriaren arabera, ordea, gero eta zabalduago daude galdera egin eta zuzenean erantzuna ematen duten sistemak, dokumentu osoa irakurri beharrik gabe».

Oraingoz ikerketa proiektu bateko emaitza-prototipo bat dago, baina ez produktu komertzial bat, baina horrelako prototipoak erraz eta denbora gutxian molda daitezkeela azaldu du Saralegik.