GAUR8

Apirilaren 4an zabalduko dute Gaztezulo Bideo Lehiaketan lanak aurkezteko epea

Gutxienez minutu bateko eta gehienez hiru minutuko euskarazko bideoak egiteko gonbita berri bat luzatu die Gaztezulok istorioak irudi bidez kontatzea gustuko dutenei. Lanak aurkezteko epea astelehenean zabalduko dute, eta komeni da ahalik eta lasterren bidaltzea, ikusleen botoak eskuratzeko aukera gehiago izateko.

Maitzaren 20ra arte aurkeztu ahal dira bideoak.
Maitzaren 20ra arte aurkeztu ahal dira bideoak. (Gaztezulo)

Astelehenean (hilaren 4an) Gaztezulo Bideo lehiaketaren edizio berri bat jarriko dute abian. Aurrekoetan bezalaxe, XIII. edizio hau istorioak irudi bidez kontatzea gustuko duten gazteei zuzenduta dago. Film laburrak eskatzen dira, gutxienez minutu bat eta gehienez hiru minutuko iraupena izan behar dutenak, eta ezinbestean Gaztezulo paperezko aldizkaria, aldizkari digitala edo Gaztezulo.eus webgunea azaldu behar dira, «zeharka ezein istorioaren elementu garrantzitsu gisa».

Lanak aurkezteko epea maiatzaren 20ra arte egongo da zabalik. Egun horretan bertan, 12.00etan jarri dute bidaltzeko muga. Bideoek originalak eta argitaratu gabeak izan behar dute.

Gaiari dagokionez, ez dago inongo mugarik baldin eta Gaztezulo hedabideren bat agertzen bada. Hizkuntza edukiren bat izatekotan: ahotsa, musika, kartelak edo elementu grafikoak… euskarazkoak izan behar dute.

Lehiaketan parte hartzeko, esteka honetan eskura daitekeen formularioa bete behar da, eta bideoak bidaltzeko prozeduraz, tori.eus edo wetransfer.com baliatuta, zuzendaria@gaztezulo.ues helbidera bidali behar dira.

Lehiaketa 16 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago, eta oinarriek zehazten dutenez, aurkeztutako bideoan 16 urtetik beherako lagunik agertuko balitz beharrezkoa da guraso edo tutoreen baimena izatea.

Jasotako bideoak Gaztezuloren Youtubeko kanalera igoko dira, baita gaztezulo.eus webgunean publikatu ere. Ikusleen botoak eta iruzkinak maiatzaren 22ra arte jaso ahal izango dira. Hortaz, zenbat eta lehenago bidali, Ikuslearen Saria irabazteko aukera gehiago izango da, antolatzaileek azpimarratu dutenez.

Epaimahaia eta sari banaketa

Olaia Urtiaga kazetariak, Ibai Zabala ikus-entzunezko teknikariak eta Marga Berra grafistak osatuko dute edizio honen epaimahaia. Ekainean izango den sari banaketa ekitaldian jakinaraziko dituzte irabazleak. Azken hau zuzenean Twitch kanalaren bidez jarraitu ahal izango da

Sarien atalari dagokionez, bideo onenaren egileak 1.200 euroko saria jasoko du. Bigarrenak 300 euro irabaziko ditu, eta ikusleen boto gehien jaso duen lanarentzat Ikusleen Saria egongo da, hainbat produktuz eta Gaztezulo materialez osatutako opari-sorta izango duena.