GAUR8

Haurren Kontseilua osatu dute Galdakaon, haien iritziak jasotzeko

Herriko ikastexeetako 4. eta 5. mailako 23 ikaslez osatuta egongo den Haurren Kontseilua eratu dute Galdakaon. Hilero bilduko da, eta ikuspuntu ludikoa galdu gabe hainbat gairen inguruan eztabaidatzea da asmoa, eta hortik sortuko diren hausnarketak eta proposamenak udal jardunean aplikatzea.

Haurren Kontseiluaren eratze-saioa udalbatza-aretoan.
Haurren Kontseiluaren eratze-saioa udalbatza-aretoan. (Galdaoko Udala)

Ikastetxe ezberdinetako ikasleen parte hartzea duen Haurren Kontseilua osatu dute Galdakaon. Lehen hezkuntzako 4. eta 5. mailako 23 ikasleek osatzen dute, eta haurrei ahotsa ematea du helburu nagusietako bat, «herriaren eraikuntzan eta hobekuntzan haurren begirada» txertatzeko.

Parte hartze organo berriak aste honetan izan du eraketa saioa, Udaletxeko pleno aretoan bertan izan den lehen saio batean. Hemendik aurrera hilean behin bilduko da herriko leku ezberdinetan, eta asmoa da gai ezberdinen inguruan eztabaidatzea eta egiten dituzten hausnarketak biltzea.

Horregatik, saio horietan hirigintza, aisialdi eskaintza, jolasguneak, mugikortasuna eta «mahai gainean jarri nahi duten beste edozein gai» izan daiteke hizpide. Asmoa da saio horietan eztabaidak bultzatzea eta proposamenak biltzea, «betiere jolasaren eta entretenimenduaren bidez», zehaztu dutenez.

Galdakao eta Usansoloko eskola guztietako haurrek osatu ahal dute kontseilua, eta errealitate ezberdinetara hurbiltzeko aukera emateko, leku ezberdinetan bilduko da. Udal gobernuak azaldu duenez, gehienez 25 haurrek osatuko dute taldea eta «aniztasuna bermatzen duten hautaketa irizpideak dituen zozketa konbinatu baten bidez» izango dira aukeratuak.

Ikasturtean zehar

Kontseiluaren funtzionamenduaz ikasturtean zehar bilduko dela erantsi dute. Hileroko saioak bi ordutakoak izango dira, eta eskola orduetan ospatuko dira. Horietan, «Udala arduratuko da kideen zaintzaz eta garraio kontuez», eta ikastetxean bertan hartu eta utziko ditu behin bukatutakoan. Zehaztu dutenez, haurren esparruko esku-hartzean esperientzia duten profesionalek dinamizatuko dituzte saioak.

Hautaketa prozedurari dagokionez, aurtengo jarduna kenduta, kideak izango diren neska-mutilak irailean aukeratuko dira. Hortaz, aurten ekainera arte egongo dira 5. mailako kideak, eta 4. mailakoek beste urtebete jarraitzeko aukera izango dute, irailean sartuko diren partaide berrien ondoan.

Udal Gobernu taldearen iritziz, «esperientzia positiboa» da haurrentzat eta «herritar gisa trebatzen lagunduko dien ahalduntze aukera» ere bada, baina Udalarentzat berarentzat ere aberasgarria izango da, «kontseiluari esker bere jardueretan haurren begirada txertatzeko aukera» izango duelako.