GAUR8

Artoteka, artelanak maileguan izateko proposamena

Artoteka proiektuak arte garaikideko lanak maileguan gutxienez hiru hilabetez hartzeko aukera eskaintzen du. «Arte garaikidea herritarren eguneroko bizitzara hurbiltzea» helburu duen ekimenak artista gazteen lana ezagutzera emateko duen balioa ere nabarmendu dute.

Artotekan parte hartzen duten artista talde bat, irudian.
Artotekan parte hartzen duten artista talde bat, irudian. (EHU)

Apirilaren 13ra arte Barakaldoko Clara Campoamor zentro zibikoan “Artoteka erakusketa” bisitatu ahal izango da. Erakusketak biltzen dituen lanak arte garaikidekoak dira eta gutxienez hiru hilabetez maileguan eskuratzeko aukera dago. «Helburua da arte garaikidea herritarren eguneroko bizitzara hurbiltzea».

«Publikoak erabakiko du zer obra eta zergatik eraman nahi duen etxera edo lan espaziora, obra horiek hartuko ditu eta haiekin biziko da», gainera «askotan egilea ezagutzeko aukera izango du». Horrela deskribatu du Laura Diez Artotekako koordinatzaileetako batek ekimenaren funtzionamendua.

Diezen hitzetan, ekimenak publikoaren harrera on bat izan du, «oso interesgarria» iruditzen baitzaie hiru hilean behin artista berri bat ezagutzeko aukera izatea. Dioenez, «aktibismo» ukitu bat du proposamenak, «tokian tokiko sorkuntzari» laguntza ematen dion neurrian. Beste pertsona askoren kasuan, Artotekak beste bide batetik eskuratzea ezinezkoa izango litzaiekeen lanez gozatzeko aukera ematen du.

«Harrera oso ona izaten ari da, baina beti kostatzen zaigu pentsamoldea eta dinamikak aldatzea. Asmoa da jarduera hori gure eguneroko bizitzan sartzea, beste elementu bat bezala, Netflix-erako harpidetza bat bezala», adierazi du.

Gogoratu dutenez, Artoteka proiektua “Reshape” egitasmoa europarrari lotuta jaio zen 2021ean, eta «artelanen mailegua, eskola tailerrak eta tokiko artistekiko bitartekaritza eskaintzen duen plataforma bat da».

Etxean arteaz gozatu

Arte garaikidea herritarrei hurbiltzeaz gain, asmoa da «arteaz etxean edo espazio intimo eta partekatuetan gozatzeko beldurra kentzea, bitartekaritza artistikoen bidez artisten esanahaiak, jakintzak eta praktikak erraztea eta bistaratzea, portaera sozialak aldatzeko. Artisten tailerretan gordeta dauden artelanen garrantzia azpimarratzea eta artelanok mugitzea», esan du Olga Sanchez erakusketaren antolatzaile eta Artotekako artistetako batek.

Proiektuaren funtzionamenduaz zehaztu dutenez, lehen urratsa herriko artisten artelanen bilduma prestatzea da, ondoren jendaurrean aurkeztu eta gutxienez hiru hilabetez maileguan eskaintzeko aukera emateko. Plataformak bitartekaritza jarduerak diseinatzen ditu, eta obren garraioa eta muntaketa gainbegiratzen ditu.

«Obra horietako bat gustuko baduzu 50 euro bakarrik ordainduta eraman dezakezu etxera. Gainera, mailegua luza dezakezu eta, are gehiago, erosi egin dezakezu», zehaztu du Irantzu Guijarro Artotekako beste koordinatzaileetako batek.

Plataforma erabiltzeko, webgunean sartu behar da, nahi den lana aukeratu, dagokion formularioa bete eta kontratua sinatu behar da, etxean jasotzeko. Alokatzeko epea bukatuta, lana bueltatu eta beste bat alokatzeko aukera izango da.

Hamazazpi artistek osatzen dute Artoteka eta hainbat gairen artean egituratzen dira: ekologia eta natura, identitatea eta memoria, teknologia kritikoa edo eguneroko bizitza. Barakaldon ikusgai dagoen erakusketan hamazazpi artista horien lan bana ikusi ahal izango da.

Barakaldoren ostean, Balmaseda izango da ekimenaren bigarren geldialdia. «Gure asmoa erakusketa formatutik ateratzea da, artelanek artearekin zerikusirik ez duten beste espazio batzuk har ditzaten», aurreratu du Diezek.