GAUR8

Bakardadea, adinkeria… zahartze osasungarrirako erronkak zehaztu ditu aditu talde batek

Kataluniako Unibertsitate Irekiko ezagutza-arlo ezberdinetako adituek zahartzearen hainbat erronka zehaztu dituzte, genetika, geriatria, neurozientzia eta gizarte-ongizateko politiken ikuspuntuetatik. Bakardadea, gerontofobia, edadismoa eta desberdintasun digitalak aipatzen dituzte.

Jakintza-arlo ezberdinetako adituek zahartze osasungarri baterako bederatzi erronka zehaztu dituzte.
Jakintza-arlo ezberdinetako adituek zahartze osasungarri baterako bederatzi erronka zehaztu dituzte. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zahartze aktibo eta osasungarri bat izatea egungo gizartearen erronka nagusietako bat da, munduko biztanleriaren bilakaeraren datuei erreparatuta. Kataluniako Unibertsitate Irekiak gogoratu duenez, 2050. urtean, sei pertsonatik batek 65 urte baino gehiago izango ditu. Horrek adinekoen zaintza bermatzeko erronka garrantzitsuak planteatzen ditu gizartearen hainbat arlotan: medikuntza, zerbitzuak, etxebizitza, gizarte-babesa, familiak…

Hainbat ezagutza-arlotako adituek (genetika, neurozientzia, geriatria, zaintzak, komunikazio digitala, politika eta gizarte-ongizatea, besteak beste) gaiari heldu eta gaur egun zahartze aktibo eta osasungarriaren inguruan planteatzen diren bederatzi erronka identifikatu dituzte, diziplinarteko azterketa batean oinarrituta.

Aipatzen duten lehen erronka zahartzearen erritmoa geldiarazteari lotuta dago. Salvador Macip Osasun Zientzien Ikasketetako eta Leicerresteko Unibertsitateko irakasleak azaldu duenez, «gero eta xehetasun gehiago aurkitzen ari gara zahartzearen oinarri biologikoei buruz eta adinarekin lotutako prozesuak definitzen dituzten aldaketa molekularrei eta zelularrei buruz». Helburua, zientzialariaren ustez, alderdi guztiak ulertzea da, etorkizunean manipulatu ahal izateko.

Hauskortasuna iraultzea eta desgaitasuna atzeratzea bigarren erronka da, adituen arabera. Geriatrian aditua den Marco Inzitariren ustez, formula honi jarraitu behar zaio: ariketa fisikoa egitea, dieta osasuntsua izatea, loa zaintzea, medikazioa berrikustea (benetan dagokiona izan dadin) eta gizarte-harremanak sustatzea.

Horrekin lotuta, garunaren zahartze osasungarria lortzea da beste erronka bat. Zientziak nerbio-sistemaren eta gaixotasun mental eta neurologikoen mekanismoen ikerketan aurrera egiten duen bitartean, estresa minimizatzea, loaren kalitate ona izatea, ariketa fisikoa egitea, entrenamendu kognitiboa eta jarduera mentalak egitea eta gizarte-laguntza izatea funtsezko faktoreak direla azpimarratzen dute adituek.

Bakardadeari eta gerontofobiari aurre egitea beste helburuetako bat da. Gure testuinguruan, adineko pertsonen arteko isolamendu soziala eta bakardadea orokortuta dauden honetan, «nahi gabeko bakardadea pertsonen osasuna hondatzeko arrisku handienetako bat» dela zehazten dute adituek, «eta arrisku edo mendetasun-egoeran sartzea errazten duen faktore erabakigarria». Nabarmentzen dutenez, gerontofobiaren detektatzeko, profesionalak prestatzeaz gain gizartea ere kontzientziatu beharra dago.

Norberaren etxea eta zaintza duinak

Zeharkako esku hartze bat eskatuko duten erronken artean norberaren etxean zahartzeak adineko pertsonentzat duen garrantzia azpimarratzen dute adituek. Horregatik, inguruko adinekoen deserrotzea saihesteko eta norberaren bizitzari buruz erabakitzeko eskubidea bere horretan eusteko proposamenak eta alternatibak garatzearen beharra zehazten dute.

Adinekoen eta zaintza egiten duten pertsonen zaintza duinak aipatzen duten beste erronka bat da. Arlo honetan gero eta paper garrantzitsuago bat jokatzen duen teknologiari dagokionez, zaintzen antolaketa eraldatzen ari bada ere, normalean kostuak murriztea edo lanen azpikontratazioa bultzatzen duela ohartarazten dute.

«Ezinbestekoa da zaintza duinetarako eskubidea eta zainketen duintasuna politika publikoaren erdigunean kokatzea. Teknologiak erabakitasunez eta eraginkortasunez lagundu behar du. Horretarako, teknologia ulertzeko eta diseinatzeko modua aldatu behar dugu. Ezin da izan argudio teknologikoa zainketa-lanaren kostuak murriztea eta kanporatzea izatea«, aldarrikatu du Daniel Lopez Psikologiako eta Hezkuntza Zientzietako irakasleak.

Adinkeriari eta desberdintasun digitalei heltzea adituek planteatzen duten beste gaietako bat da. Adinekoen gainean dauden estereotipo eta aurreiritziek diskriminatzailea den uste kolektiboa sortu dutela diote adituek. «Zahartzeari eta digitalizazioari buruzko ideia orokor bat dago, eta horrek ez dio inolako justiziarik egiten kolektibo horri. Mito horiek kalte egiten digute gizarte gisa, eta adinekoen behar espezifikoak ulertzea zailtzen duten estereotipoak sortzen dituzte», dio Mireia Fernandez-Ardevol komunikazio digitalean adituak eta adinekoak.

Eransten duenez, "Pandemiak eta sektorearen berregituraketak bulegoen eta kutxazainen itxiera bizkortu dute, banku-sektorearen digitalizazio intentsiboaz gain. Aurrez aurreko arreta hain nabarmen murrizteak eragin desberdina du, eta, konparazio batera, eragin handiagoa du adinekoengan», ziurtatu du. «Arazoa konpontzeko aukera bat da digitalki diskriminatzen diren herritarren gaitasun digitalak indartzen laguntzea, baina beste bat da oinarrizko zerbitzu guztietan digitalaren ordezko kanalak izateko eskubidea aitortzea eta eraginkor bihurtzea», azpimarratu duenez.

«Teknologia ez da beti edozertarako ona»

«Teknobaikortasunari» aurre egitea beste erronka bat da, teknologia ez baita beti edozertarako ona. Andrea Rosales Informazio eta Komunikazio Zientzien Ikasketetako irakasleak azaldu duenez, «gizarteak arreta handiagoa jarri beharko lioke adineko jendearen iritziari, gizartea nola eboluzionarazten ari garen, partekatzeko eta hausnartzeko asko duen jakintsuaren lekua itzultzeko». Adineko pertsonen kezka ez da beti izaten teknologia erabiltzen ez dakitelako, baizik eta garrantzitsuagoak diren balio eta printzipio batzuk daudela uste dutelako.

Etorkizunera begiratu nahi dion erronken zerrenda horretan bizitza osoan zehar kalitatezko hezkuntza eta prestakuntza aukerak eskaintzea eta bermatzea planteatzen dute adituek. Galdera ere luzatu dute gaiaren inguruko hausnarketa bultzatzeko: «nola erantzuten diegu garapen pertsonala bilatzen duten eta beren komunitatean modu esanguratsuan parte hartzen duten adinekoei eta aktiboei?».