GAUR8

Paisaia, migratzaileak eta leku esanguratsuak, Durangaldeko Ikerlari Gazteen Sarietan

Durango, Zaldibar eta Zornotzako 29, 18 eta 17 urteko gazteen lanek eskuratu dituzte Gerediaga Elkarteak antolatutako Durangaldeko Ikerlari Gazteen Sariak. Paisaiaren eraldaketa, Andaluziatik etorritako adineko pertsona baten bizipenak eta eskualdeko herri ezberdinetako leku esanguratsuak dira ikerlanen gai protagonistak.

Saritutako hiru gazteak Gerediaga Elkarteko kideekin, irudian.
Saritutako hiru gazteak Gerediaga Elkarteko kideekin, irudian. (Gerediaga Elkartea)

Ikus-entzunezko lan bi eta idatzizko ikerketa lan bat izan dira Durangaldeko Ikerlari Gazteen Sarien lehen edizioko lan sarituak. Egileak Durangoko, Zaldibarko eta Zornotzako 29, 18 eta 17 urteko gazteak dira, eta paisaiaren eraldaketa, 60 eta 70. hamarkadetako etorkinen bizipenak eta Durangaldeko leku esanguratsuak jaso dituzte euren lanetan.

Guztira 36 ikerlan aurkeztu dira Gerediaga Elkarteak lehen aldiz antolatutako sarietara, gehienak 16 eta 18 urte bitarteko gazteek landutakoak. Eskualdeko gazteen artean «ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza eta ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna» bultzatu nahi duen ekimenak Amankomunazgoaren babesa ere izan du.

Amamaren bizipen hunkigarriak

“Elkarrizketa amamarekin” Peio Martin Estevez 17 urteko zornotzarraren lana hiru sarituetako bat da. Andaluziatik Euskal Herrira etorritako amamaren bizipenak biltzen dituen ikus-entzuneko laburraren inguruan, gaiaren ausardia, adineko pertsona aukeratu izana eta sortutako gertuko istorio hunkigarria nabarmendu du epaimahaiak.

Eskualdeko herri ezberdinetatik igarotzen den “Euskal bidaiariak” lana beste sarituetako bat da. Ibon Gomez Tamayo 18 urteko zaldibartarrak herri bakoitzeko leku esanguratsuenetan jarri du fokua bere lanean. Epaimahaiak formatua nabarmendu du, baina ikuserraza izateaz gain ondo jantzitako informazioa eta era entretenigarrian planteatuta dagoela azaldu du.

Adrian Burgada Ereño 29 urteko durangarrak Ibaizabal ibaiaren Goi-Arroko landa-paisaiaren bilakaeraren inguruan aurkeztutako lana saritutakoen arteko idatzizko bakarra da. Europako Corine Land Cover programa, EAEko Baso Inbentarioak eta PNOA programak aurkeztutako kartografia aztertu eta galera-mailaren hurbilketa kuantitatiboa zehaztu du. Ikerketa landua, teknikoki ondo antolatuta eta zehatza dela azpimarratu du epaimahaiak, eta testuen ondoan, lanketa bibliografikoa eta lanak jasotzen dituen argazkiak, mapa eta grafikoak nabarmendu ditu. “Astola” urtekariaren 16. zenbakian lanaren laburpena argitaratzeko aukera du egileak.