GAUR8

Zientziari irudia jartzen dioten ilustratzaileen lanak Bizkaia Aretoan

Datorren astelehenetik aurrera, Bizkaia Aretoa lehen aldiz ilustrazio zientifikoaren erakusleihoa izango da. Itsaspeko fauna eta flora dira protagonista nagusiak, baina aukera on bat da zientziari irudia ipintzen dioten ilustratzaileen lanera hurbiltzeko. 

Manu Soto Plentziako Itsas Estazioko zuzendariordea eta Nuria Gonzalez Santiago Ilustrazio Zientifikoko II. lehiaketaren irabazlea.
Manu Soto Plentziako Itsas Estazioko zuzendariordea eta Nuria Gonzalez Santiago Ilustrazio Zientifikoko II. lehiaketaren irabazlea. (Fernando Gomez | EHU)

Irudi batek mila hitz baino gehiago balio duela esan ohi da, eta zientziaren dibulgazioari dagokionez, ilustrazio zientifikoak jokatzen duen papera agerikoa bada ere askotan bigarren plano batean geratzen da, baina irudiek mundua edertzen eta ulertzen laguntzen dute.

Plentziako Itsas Estazioak ilustrazio zientifikoari dedikatzen dion lehiaketaren azken bi edizioetan aurkeztutako lanak Bizkaia Aretoan egongo dira ikusgai datorren astelehenetik aurrera, maiatzaren 16tik 26ra, zehazki. “Itsaspeko fauna eta flora” izena du erakusketak eta 26 irudi biltzen ditu.

Itsasoan eta kostaldean bizi diren izaki kopuru handi bat xehetasunez ezagutzeko aukera ematen duten lanak direla azaldu dute, baina hitzordua baliatuz ilustrazio zientifikoak duen garrantzia nabarmendu dute.

EHUk “Campusa” agerkarian gogoratu duenez, EAEko unibertsitate publikoa aitzindaria izan zen duela bost urte Ilustrazio Zientifikoko graduondoa abian jartzen. «Zientzia irudi eraginkor eta zorrotzen bidez komunikatzeko gai diren profesionalak prestatzea» helburu duen prestakuntza hori oraindik ere bakarra da Estatu espainolean.

Lehen lau edizioetan 59 ilustratzaile trebatu dira aipaturiko graduondoan eta beste 16 egiten ari dira une honetan. Erronka herritarren parte hartzera irekitako jarduerak sustatzea ere bada, eta testuinguru horretan kokatu dute Bilboko Abandoibarrako egoitzan astelehenean irekiko den erakusketa.

Gutxitan protagonista izaten diren espezieak

Erakusketa horren lanera itzuliz, antolatzaileek aurreratu dute itsas zaldiak, izarrak, hegazti espezie ezberdinak eta moluskuak direla, besteak beste, ikusgai dauden irudien protagonistak. Azaldu dutenez, ilustratzaile zientifikoen lanak lotura handi bat du dibulgazioarekin, eta hori da, hain zuzen ere, formazioan nabarmentzen den arloetako bat.

Ikusgai izango diren ilustrazioen artean Nuria Gonzalez Santiagoren bigarren edizioko irudi irabazlea egongo da. Konposizio horren hondoa flysch-a da, eta lehen plano batean gure kostaldean bizi diren espezie aniztasun ikusgarria islatzeko, gure ekosistemetako oso berezkoak diren baina gutxitan protagonistak izaten diren ubarroi mottoduna, itsas izarra eta itsas plantainaren irudiak osatu zituen.  

Sarrera libreko erakusketa da, eta astelehenetik ostiralera 8.00etatik 20.00etara egongo da bisitatzeko aukera.