GAUR8

Desgaitasuna duten pertsonen babes juridikoko aldaketak aztertuko dituzte Gasteizen

Arabako Foru Aldundiak pasa den irailean indarrean sartutako legeria berriak desgaitasuna duten pertsonen egoera juridikoan ezarritako aldaketak azaltzeko jardunaldia antolatu du, asteazkenean (ekainaren 1) Gasteizen, Europa Jauregian.

Jardunaldia Europa Jauregian izango da, 17.00etatik aurrera.
Jardunaldia Europa Jauregian izango da, 17.00etatik aurrera. (Juanan RUIZ | FOKU)

Pasa den irailean indarrean sartu zen legediaren erreformak «nabarmen aldatu du» ordenamendu juridikoa eta sakoneko aldaketak dakartza desgaitasuna duten pertsonen aitorpenean. Araudi berriak dakartzan aldaketak aztertu eta azaltzeko saio bat antolatu dute Gasteizen, asteazkenean.

Gogoratu dutenez, pertsonei beren gaitasun juridikoa egikaritzen laguntzeko, lege zibil eta prozesala aldatzen da, desagertu egiten dira ezgaitasun judiziala, helduen tutoretza eta guraso-ahal luzatu edo birgaitua. Fiskaltzak berak emandako datuen arabera, datozen hiru urteetan, 1.400 ezgaitasun-epai berrikusi beharko dira herrialdean, araudi berrira egokitzeko.

Emilio Sola Gizarte politiketako foru diputatuak azaldu duenez, lege-erreformaren helburua «desgaitasuna duten pertsonak babestea da, beren gaitasun juridikoa modu autonomoan erabil dezaten». Horretarako, laguntza-figurak erabiltzea eta borondatea errespetatzea sustatuko da, gaitasuna aldatzean oinarritutako egungo paradigmaren ordez (ezgaitasun judiziala eta eskubide-gabetzea).

«Duintasuna, autonomia eta gaitasun osoa aitortzen dituen legeria ezarri behar da», erantsi du Solak, eta horrek «funtzionamendu eta antolaketa eskemak birpentsatzera» behartzen duela azpimarratu du.

Aida Lozano fiskalak zehaztu duenez, kasuistika anitza da, baina «kasu guztietan pertsonaren borondatean, nahietan eta lehentasunetan oinarritu behar dute laguntzok. Legeria berriak ez du desgaitasuna duen pertsona babesten, bizi den gizartean aktiboki parte har dezan laguntzen dio». 

Legeria berriak dituen inplikazioak aztertzeko saioa 17.00etan abiatuko da, Diputazioko Gizarte Politiketako Sailak Arabako Fiskaltzarekin, epailetzarekin, notariotzarekin eta lurraldeko tutoretza-fundazioekin lankidetzan antolatuta. Senideez gain, saioa sektoreko profesionalei eta interesa duten pertsona guztiei zuzenduta dago. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.