GAUR8

Pronostiko okerreneko minbizia den gliobastoma ikertzeko proiektua EHUn

Minbizi erasokorrenetako bat den gliobastoma (garuneko tumorrak) ikertzeko tresna berriak garatuko dituen goi-mailako ikerketa zuzenduko dute EHUko ikertzaileek. Lankidetza proiektuak Europako batzordearen 2,3 miloiko finantzazioa du.

Ezkerretik hasita, Marcelo Calderón, Aitor Larrañaga, Ana Beloqui eta Sandra Camarero ikertzaileak
Ezkerretik hasita, Marcelo Calderón, Aitor Larrañaga, Ana Beloqui eta Sandra Camarero ikertzaileak (EHU)

EHUko ikertzaileek pronostiko okerrenetako minbizien artean dagoen bliomastomaren aurkako estrategia berriak ikertzeko proiektu bat zuzenduko dute. TheraTools izeneko egitasmo europarra da, beste hainbat erakunderekin lankidetzan gauzatuko dena, eta Europako Batzordearen 2,3 milioi euroko finantzazioa jaso du.

Ana Beloqui kimikan doktore eta ikertzaile nagusiak azaldu duenez, «ideia aurreko proiektu batetik sortu zen, Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatutakoa, non POLYMATeko eta UPV-EHUko ikertzaileek gure ezagutzak eta esperientzia batu baikenituen TheraToolsen hazia izan zen egitasmo batean».

Diziplina anitzeko ikerketa izango da. «Batetik, eragile polimero berrien garapena ikertuko da, garunera antigorputz terapeutikoak garraiatzeko gai direnak, hesi hematoentzefalikoa zeharkatuz», esplikatu du ikertzaileak. Helburua da material polimerikoak antigorputza askatzea tumorearen inguruan, jardun terapeutikoa egin dezan.

3D eta mikrofluidoen inprimaketa

Ikerketan, bestalde, TheraToolsek animaliekin gutxiago esperimentatzeko apustuari eutsiz, gliobastoma ereduak diseinatuko eta fabrikatuko dira 3D eta mikrofluidoen inprimaketari esker. «Proiektuak planteatzen du eredu horiek erabiltzea efektu terapeutikoko potentziala duten eragileak miatzeko plataforma moduan»

Goi-mailako ikerketa horrek Horizon Programaren Marie Sklodowska Curie bigarren deialdiaren babesa izango du, mundu osoko doktoratu aurreko ikertzaileen prestakuntza eta garapen profesionala laguntzen duen sarearena, hain zuzen ere.

Prestakuntza-sare izaera duen egitasmoak doktorego bederatzi ikasleren parte hartzea izango du eta herritarrei irekitako informazio-saioak izango ditu, Beloquik zehaztu duenez.

Ikerketa proiektua POLYMATek eta EHUk zuzenduko dute, biana hainbat partaide ditu: Technion Institutua (Israel), Teknologiaren Italiako Institutua (Italia) eta Aveiroko Unibertsitatea (Portugal).

Sei enpresaren laguntza jaso du (Polimeerbio, I+Med, Beonchip, Metatissue, Nanoscribe GmbH eta VetexMachina) Ana Beloqui Ikerbasque ikertzaileak koordinatzen duen ikerketak, eta Marcelo Calderon, Sandra Camarero eta Aitor Larrañaga Ikerbasque ikertzaileen parte hartzea izango du.