GAUR8

Atxuri eta Amara, bi helmuga EuskoTrenen 40 urteko ibilaldia gogoratzeko

Atxuriko geltoki zaharrean eta Amaran zabaldutako erakusketa banek EuskoTrenen azken 40 urteotako ibilbidea errepasatzen dute. Elementu adierazgarrienetako batzuen bilduma dago ikusgai Bilbon; Donostikoaren kasuan, Topoarekin lotutako historia.

Agintariak, erakusketaren inaugurazioan.
Agintariak, erakusketaren inaugurazioan. (IREKIA)

EuskoTrenen azken 40 urteetako ibilbidea marrazten duten erakusketak hartzen dituzte Bilboko Atxuriko geltoki zaharrak eta Donostiako Amarakoak.

1982ko maiatzean, trenbide estuak kudeatzeko sortu zen Lakuako Gobernuaren agindupean dagoen sozietate publikoa; kanpoan geratu zen trenbide estukoa ere baden Feveren Bilbo-Santander-La Robla linea.

Azken lau hamarkadetan izandako aldaketei begira jarri dira urteurrena ospatzeko Bilbon eta Donostian zabaldu diren erakusketetan. Horregatik, geltokiko hainbat altzari, ibilbide-kartelak, erlojuak, farolak, telefono eramangarri zaharrak edota trenbide-putxera zaharrak dira protagonista nagusiak.

Gaur egun, bost trenbide, metro lineak, Larreinetako funikularra, Bilboko eta Gasteizko tranbiak eta hainbat autobus linea kudeatzen ditu sozietate publikoak.

Atxuriko erakusketa urte bukaerara arte egongo da zabalik, astelehenetik ostiralera 16.00etatik 20.00etara; eta asteburuetan, arratsaldeko ordutegi horrekin batera goizean ere bisitatu ahal izango da, 10.00etatik 14.00etara.

Amarako erakusketaren kasuan, «Topoa denaren modernizazioa bultzatu zuten mugarrietako bat gogoratzeko da, hots, Donostiaren eta Hendaiaren artean tren plan integrala sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren erabakia».

Gogoratu dutenez, «1988an CAFi 12 tren egitea enkargatu zitzaion eta 300 Serie gisa matrikulatu ziren Euskotrenen. Unitate elektriko berri horiek une horretan Euskotrenen zerbitzua ematen zuten bi serie modernoenen arteko hibridoa ziren, eta bereziki gaur egun Topo gisa ezagutzen dugunean ibiltzeko sortu ziren (E2 Lasarte Oria-Hendaia eta E5 Altza-Amara).

Urte bukaerara arte, Topoaren eta Kostaldearen tren zerbitzuen erabiltzaileek merkataritza ordutegian zirkulaziotik kanpo dagoen 300 unitate historikoa bisitatu ahal izango dute, Amarako geltokiko alboko bideetan (Autonomia kaletik gertuen dagoena).

Mila milioi bidaia baino gehiago

Azken 40 urteotan 1.200 milioi erabiltzaile izan dituzte EuskoTreneko zerbitzu ezberdinek, Lakuako Gobernuak emandako datuen arabera.

EuskoTrenen lehen ekitaldian, 1982. urtean, 30,6 milioi zen bidaiarien zifra. Hala ere, urte horretan bertan bat-bateko jaitsiera handia izan zen uholdeen ondorioz.

Erabiltzaile kopuruari dagokionez, 1998an izan zen mailarik baxuena, 22,8 milioi bidaiarirekin, eta 2019an, altuena, 41,1 milioi erabiltzailerekin. Haziera hori covid-19ak eragindako pandemiak apurtu du.