GAUR8

«Begiratu urrunera» lelo duen CAF-Elhuyar sariketaren edizio berri bat dago abian

«Begiratu urrunera» lelopean, zientzia eta teknologiaren inguruan euskaraz idatzitako dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza lanak saritzen dituen eta sorkuntza-beka eskaintzen duen CAF-Elhuyar sariketaren edizio berria jarri da abian. Otsailaren 6ra arte aurkez daitezke lanak.

CAF-Elhuyar sariketaren edizio berriaren kartela, irudian.
CAF-Elhuyar sariketaren edizio berriaren kartela, irudian. (Elhuyar Fundazioa)

Zientzia eta teknologia arloko gaiak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea helburu duen CAF-Elhuyar sariketak edizio berri bat jarri du abian. Zientziaren munduan, ikusmira urrunean jartzea da aurtengo leloa, eta hiru kategoria mantenduko ditu: dibulgazio-artikulu originalei dedikatutakoa, zientzia-kazetaritzarekin lotutakoa eta sorkuntza-beka.

Elhuyar Fundazioak eta CAF enpresak antolatuta, Neiker EAEko nekazaritza eta garapenerako euskal erakundearen babesa du ekimenak. Aurtengo leloa ‘Urrunago ikusi badut, erraldoien sorbalda gainean eseri naizelako izan da’ Isaac Newtonen esaldiarekin lotuta dago.

Azaldu dutenez, «hori da ezagutza zientifikoaren muina: hutsetik sortzen duen jenioaren estereotipoa alde batera utzita, aurrekoek egindakoaren talaiatik aurrera begiratzen dute ikertzaileek, urrunera, aurkikuntza berriak egitera».

Hiru kategoria eta Neiker saria

2023. urteko otsailaren 6ra arte egongo da zabalik lanak aurkezteko epea. Hiru kategoria ezberdinei dagokienean, dibulgazio-artikulu zientifikoak bi azpikategoria dituela zehaztu dute. Dibulgazio-artikulu orokorrak edo doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak hartzen ditu deialdiak. Azpikategoria horien irabazleek 2.000 euroko saria jasoko dute, baita “Elhuyar” aldizkariko urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat ere.

Zientzia-Kazetaritza ataleko lanei dagokionez, 2.000 euro eskuratuko du egile saridunak, gehi harpidetza eta eskultura. Sorkuntza-bekaren kasuan, zientzia edota teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak onartzen direla zehaztu dute. Irabazleek 5.000 euroko laguntza jasoko du proiektua garatzeko.

Neikerren izena daraman beste sari bat egingo da lehen sektorearekin zerikusia duten lanentzako. Saria 2.000 eurokoa izango da eta «bateragarria beste sariekin».