GAUR8

Nazioarteko Trikitixa Jaialdiaren bigarren saioa, Galdakaon, irlandar eta kataluniar parte hartzearekin

Bi geldialdi izango ditu Nazioarteko Trikitixa jaialdiak asteburu honetan: Errenterian, larunbatean, eta Galdakaon, igandean. Azken horretaz, emanaldiak izango duen atzerriko soinu-joleen parte hartzea eta ohiko estilotik aldendutako doinuak nabarmendu dituzte.

Nazioarteko Trikitxa Jaialdia Galdakaon ospatuko da igandean.
Nazioarteko Trikitxa Jaialdia Galdakaon ospatuko da igandean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Errenteriaren ostean, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxeak Nazioarteko Trikitixa Jaialdia hartuko du igandean, 17.30etik aurrera. Udalak nabarmendu duenez, ospakizun bikoitza dakar aurten jaialdiak: aurten 50 urte betetzen dira «trikitiariak aurrenekoz jaialdi batean propio elkartu zirela», eta «20 urte betetzen dira lehenengo Nazioarteko Tritikitxa Jaialdia egin zenetik».

Euskal Herriko trikitilariez gain, Irlandatik eta Kataluniatik etorritako soinu-joleak izango dira Galdakaon. Damien Mullane irlandar soinu-jole gaztea da gonbidatuetako bat. «Irlandako herri musikan etorkizun handia aurreikusten» zaion musikaria dela azpimarratu dute Mullanez.

Liv Hallum musikari eta irakasle kataluniarra ere entzuteko parada izango da. Aurreratu dutenez, emanaldian, Ivan Carok lagunduko du gralla, okarina eta flaviol musika tresnekin.

Euskal Herriko partaideen artean, hiru trikitilari berritzaile bilduko ditu jaialdiak, azpimarrautakoaren arabera. Esaterako, blues eta jazz kutsuko doinuak eskainiko ditu Eneko Dorronsorok Fredi Pelaezek lagunduta.

Gainera, soinu txikia lehendabiziko aldiz hartuko duen Eneritz Furyak hartuko du parte, eta Josune Arakistainek “Süne” proiektua aurkeztuko du, Aitor Huizi biolin jotzaileak lagunduta.

Sarrerak salgai daude Udalaren webgunean eta zuzenean, galdakao.sacatuentrada.es web orrian.