GAUR8

Bilbo, Barakaldo, Gasteiz eta Donostia hartuko ditu Zientzia Asteak eta ikastetxeak dira lehen gonbidatuak

Hamarnaka hitzaldi, txoko zientifiko, tailer eta kanpoko jarduera bildu ditu UPV/EHUk gaur bertan hasiko den Zientziaren Astean. Bilbo, Barakaldo, Gasteiz eta Donostian burutuko dira jarduerak, eta DBH eta Batxillergoko ikasleak izango dira lehen parte hartzaileak. Bisita gidatuak gaur hasten baitira Bilbon eta Barakaldon, eta bihartik aurrera Donostian eta Gasteizen.

Haurrak, Zientzia Asteko jarduerekin gozatzen, irudian.
Haurrak, Zientzia Asteko jarduerekin gozatzen, irudian. (UPV/EHU)

Ateak zabalduko ditu gaur UPV/EHUren Zientziaren Asteak, eta ikasleak izango dira egitarauaren lehen protagonistak, haientzako antolatutako bisita gidatuak gaur bertan hasiko baitira, Bilboren kasuan, Bizkaia Aretoan jarritako txoko zientifikoan.

Ez dira ekimenak izango dituen gonbidatu bakarrak izango, adin guztientzako eta askotariko ekintzez beteriko programazioa baitakar zientzia eta teknologiaren inguruko jaialdiak, izaera ludikoa eta pedagokikoa uztartuz.

Helburua «euskal gizartea zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzea» da, eta «aldi berean euren jakin-mina piztea», nabarmendu du UPV/EHUk ohar batean.

Horretarako, «zientzia entzun, dastatu, ikusi, usaindu, ukitu eta sentitzeko» aukera eskainiko du, doako 200 jardueraren bidez. Ekitaldien artean ikuskizun bat, hitzaldiak, erakusketak, lehiaketak eta bakarrizketa zientifikoen Zientzia Club bezalako proposamenak daude.

Ia 3.500 ikasle

Ikastetxeak izango dira, esan bezala, programazioa zabalduko dutenak. DBHko eta Batxillergoko ia 3.500 ikaslek hartuko dute parte. Bisitak Bilbon abiatuko da dira gaur, baita Barakaldon ere, eta 13ra arte egingo dira Bizkaiko hiriburuan. Donostian eta Gasteizen, azaroaren 10ean eta 11n ospatuko dira.

Inaugurazioarekin batera ‘Erakusteko kamisetak’ erakusketa ikusi ahal izango da Bizkaia Aretoan bertan, Etxepare gelan. UPV/EHUko Arte Ederren Fakultateko diseinu grafikoa diziplina garatutako irakaskuntza-berrikuntza proiektu baten testuinguruan, kamisetetan inprimatutako 108 irudi sortu dituzte ikasleek, garapen jasangarrirako helburuen erronken gainean kontzientzia hartzeko.

Barakaldon, Clara Campoamor zentro zibikoan ospatuko da programazioa; Donostian, Tabakaleran; eta Gasteizen, Bibat Museoan.

Egitarau osoa eta jardueren gaineko informazio guztia eskuragarri dago Zientzia Asteari dedikatutako webgunean.