GAUR8

Mielinak narriadura kognitiboan duen betekizuna ikertzen ari dira «Mielimagen» proiektuan

Alzheimerra, parkinsona edota esklerosi anizkoitzaren atzean dagoen prozesu neurodegeneratiboetan mielinak duen zeregina aztertzen ari dira «Mielimagen» proiektuan. Gaixotasunak lehenago detektatzeko eta terapia eraginkorrak garatzeko bide berriak eman ditzake ikerlanak.

«Mielimagen» proiektuarekin lotutako irudi teknikoa.
«Mielimagen» proiektuarekin lotutako irudi teknikoa. (CIC biomaGUNE)

Mielina nerbioen inguruan sortzen den geruza isolatzailea da, garunean eta bizkaerrezur-muinean dagoena. Proteinez eta substantzia koipetsuez osatutako geruza horrek zerikusi zuzena du neuronetan zeharreko bulkada elektrikoak azkar eta eraginkortasunez egitearekin.  

Daukan funtzio horregatik, funtsezko papera du mielinak zahartze prozesuetan. Hori dela eta, hainbat erakunde eta zentro teknologikoren babesarekin, ‘Mielimagen’ proiektua garatzen ari dira CIC biomaGUNEn, mielinak narriadura kognitiboan duen zeregina ikertzeko.

Pedro Ramos Cabrer CIC biomaGUNEko Ikerbasque irakaslea buru duen proiektuan, neuronen axioak bildu eta babesten dituen mielina aztertzen ari da, duen funtzio nagusia nerbio-bulkadaren transmisio-abiadura handitzea baita.

«Zahartze osasuntsu bati lotutako narriaduran duen garrantzia aztertu nahi da, prozesu patologikoekin lotutako narriadurarekin alderatuta», zehaztu dute. Prozesu neurodegeneratibo horien artean, alzheimerra, parkinsona, dementzia baskularra edota esklerosi anizkoitza bezalako gaixotasunak daude, besteak beste.

Diagnostiko goiztiarrerako teknikak

«Desmielinizazio-prozesuek subjektu osasuntsuen eta patologikoen sare neuronalen egiturari eta funtzionamenduari nola eragiten dioten hobeto ezagutzen badugu, diagnostiko goiztiarrerako tresnak diseinatu ahal izango ditugu, gaixotasun neurodegeneratiboak lehenago detektatzeko eta haiei aurre egiteko terapia eraginkorragoak garatzeko», adierazi du proiektuaren inguruan, Pedro Ramos ikerketa-taldeko ikertzaile nagusiak.

Ikerlana erresonantzia magnetiko bidezko irudi-laborategian egingo da. «Irudi funtzional ez inbaditzaileko teknikak erabiliz egingo denez, espero dugu gure ikerketatik sortzen diren teknika diagnostiko eta terapeutiko berriak etorkizun hurbilean eremu klinikora zuzenean eramateko modukoak izango direla», aurreratu du.

Proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantziazioa dauka, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Gipuzkoako Sarearen Programan.