GAUR8

Baso ekoizpena eta larregintza uztartzeak basoen erresistentzia handitzen du

Neiker zentro teknologikoaren parte hartzea duen LIFE Silfore proiektuan erakusle sare bat osatu da basogintza eta artzaintzaren uztarketa frogatzeko. Euskal Herrian baso mistoen emaitzei erreparatuko diete Orozkon eta Jauregi eta Azilu kontzeju arabarretan.

Basogintza eta artzaintza uztartzen dituen eredua jarraituko dute ikertzailek Bizkaia eta Arabako hiru eremutan.
Basogintza eta artzaintza uztartzen dituen eredua jarraituko dute ikertzailek Bizkaia eta Arabako hiru eremutan. (NEIKER)

Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den Neiker zentro teknologikoan, metodo berriak aztertzen ari dira baso masak klima aldaketarekiko erresistenteagoak izan daitezen. Bide horretan, basogintzan larregintza integratzeak «suteak ekiditeko, biodibertsitatea areagotzeko eta zerbitzu ekosistemikoen ekarpena bermatzeko» duen balioa azpimarratzen dute.  

Ez da sistema berria, baina presentzia galdu du eskualde atlantikoetan eta subatlantikoetan, «nahiz eta potentzial handia izan klima aldaketa arintzeko eta horretara egokitzeko».

LIFE Silfore azterketak erakusle sare bat garatuko du eremu atlantiko-subatlantikoetan, Portugalen, Galizan, Asturiasen eta Euskal Herrian. Gure geografian, bi erakustaldi izango ditu: Orozko udalerriko pinudi batean baso misto bihurtu eta animaliak sartuko dira; eta basogintza eta artzaintza uztartzen duen metodo bera ezarriko da eremu subatlantikoko berezko haritz baso hostotsuetan, Araban, Jauregin eta Azilun.

Aurreikuspena da «biomasaren erregaiaren bolumena %40-60 murriztea, eta ondorioz, «sute arriskua txikiagoa izatea, abeltzaintzako ustiategietan karbono aztarna murrizteaz gain», azaldu du Isabel Albizu Neiker-eko ikertzaile eta proiektuaren koordinatzaileak.

«Larregintzak onurak ekar diezazkioke baso ekoizpenari, animaliek lurzoruak ongarritzen dituztelako, eta larregintzara bideratutako azalera handiagoa egoteak bazkarako autonomia handiagoa eta animalien dietaren aniztasuna ekar ditzake, eta horrek aurrezki nabarmena dakar, elikadura gastuak murrizten direlako», erantsi du ikertzaileak.

Arraza autoktonoak

Proiektuan, gainera, galzorian dauden arraza autoktonoetako animaliak planteatzen dira. Euskal Herriko kasuan, ‘terreña’ arrazako behiak, sasi ardiak eta pottokak dira.

«Ekimenak basoen errentagarritasun ekonomiko, sozial eta ingurumenekoa hobetzea ahalbidetuko du, eta, aldi berean, landa inguruneko biztanleen irabaziak handituko dira, enplegua sortuz, landa eremuen despopulazioaren aurka borrokatuz, sute arriskua murriztuz eta mantentze kostuak merkatuz», nabarmendu dute Neiker-etik.