GAUR8

Minbizi-prozesuetan buru osasuna nola zaindu azaltzeko hitzaldia Bergaran

Minbiziaren aurrean, buru osasuna zaintzeko zenbait jarraibide eskainiko ditu Itsasne Gallastegi Aifeseko psikologoak asteazkenean, Bergaran izango den hitzaldi batean. Solasaldiaren atal batean maskulinitateari helduko dio adituak.

Bularreko minbiziaren aurkako ekimena, artxiboko irudian.
Bularreko minbiziaren aurkako ekimena, artxiboko irudian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Hurrengo asteazkenean (azaroak 16), minbiziaren aurrean jokatzeko zenbait argibide emango dituzte Bergaran, Agifes elkarteak antolatutako hitzaldian. Itsasne Gallastegi elkarteko psikologoak eskainiko ditu egoera ezberdinei aurre egiteko tresnak, batez ere diagnostikoaren aurrean jokatzeko edota pazienteek igarotzen dituzten etapa ezberdinak identifikatzeko.

Solasaldian, gaixotasunak pertsona baten bizitzan eta familian izan dezakeen eraginari buruz hitz egingo du adituak. «Oso garrantzitsua da emozioak hasieratik lantzen hastea, horiek adierazten ikastea eta batzuetan emozio kontrajarriak izan ditzakegula ulertzea», azaldu du Gallastegik prozesuan ager daitezkeen emozio eta une ezberdinen kudeaketaz.

Gizonen zailtasunak

Maskulinitatearen gaiari ere helduko dio adituak, «gizonek zailtasun gehiago izaten baitituzte diagnostikoa aditzera emateko», nabarmendu duenez. Gallastegiren hitzetan, gizonek «oso modu isilean eramaten dute prozesua» eta «ez luke hala izan behar», horrek sufrimendua handitzen duelako.

Buruko osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkarteak antolatu duen hitzaldia prostatako eta barrabileko minbizia eta gizonezkoen depresioa erakustea helburu dituen “November gara” mugimenduaren barruan dago, zehaztu dutenez.

Hitzaldia, hilaren 16an izango da, Irizar Jauregian, 18.30ean.