GAUR8

Frankismoko bortxazko lanen biktimen omenezko erakusketa iraunkorra du Burdinbidearen Euskal Museoak

1936ko gerran eta frankismoan zehar milaka preso esklabu gisa lan egitera behartu zituen diktadurak. Burdinbidearen Euskal Museoak bortxazko lanen biktima izan ziren horiek omendu nahi ditu argazki erakusketa iraunkor batekin.

Erakusketaren inaugurazioa, irudian.
Erakusketaren inaugurazioa, irudian. (Burdinbidearen Euskal Museoa)

Burdinbidearekin lotuta daude, neurri handi batean, 1936ko gerran eta frankismoan diktadurak erabili zituen bortxazko lanak. Izan ere, erakusketaren inaugurazioaren harira Burdinbidearen Euskal Museoak gogoratu du «1937. urtean hasita, eta diktaduraren tarte luze batean, milaka gerrako preso» erabili zirela eta ondoren preso arruntak ere, «herriak eta azpiegiturak berreraikitzeko edo errepide, urtegi edo burdinbideak eraikitzeko».

Historia horren parte dira, esaterako, Gernikako eta Bermeoko zigor-destakamentuak, «eraikuntza hondakinak ateratzen eta, gerora, hiribildua berriz altxatzen» aritu zirenak. Geltokia eta trenbidea berreraiki zituzten preso horiek, baita Sukarrietatik Bermeorainoko trenbidea eraiki ere.

Museoan ikusgai dagoen erakusketa Kriminologiako Profesionalen eta Ikasleen Elkarteak Lakuako Gobernuko Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailarekin elkarlanean antolatutako ekimenaren emaitza da. Otsailean aldi baterako erakusketa bezala zabaldu zen, familia eta errepresaliatu talde baten parte hartzearekin. Ikerketaren ondorioz, liburua ere argitaratu dute.

Erakusketa astelehenean inauguratu zuten, eta ekitaldian historikoaren pasarte hori gordetzearen garrantzia azpimarratu zuten bildutako erakunde antolatzaileen ordezkariek.

Gogora ekarri zuten, eta berean, preso arruntez gain asko izan zirela Busturialdean, errepublikaren alde borrokatzeagatik edo, besterik gabe, hari atxikiak izategatik lan egitera behartuak izan ziren gizonak.

«Baldintza negargarrietan»

«Baldintza negargarrietan lan egin zuten han, eta, gainera, erbesteratze eta deserrotze zigorrak jasan zituzten, preso gehienak Extremaduratik edo Andaluziatik ekartzen baitzituzten», azaldu dute.

Erantsi dutenez, 1944. urtetik aurrera, ehundik gora ‘libertok’ (indultua edo zigorra beteta zutenak) ere lan egin zuten bertan, eta horietako asko, diktadurak beren jaioterrietatik erbesteratuak, eskualdean bizitzen geratu ziren. Bermeoko destakamentu penala 1958. urtean desegin zuten, eta bertan zeuden 30 presoak Madril eta Murtziako beste zentro batzuetara eramanak izan ziren.

Erakusketarekin bat eginez lurrun trakzioko tren historikoak ibiliko dira hurrengo egunetan Zugastieta eta Bermeo artean. Abenduaren 3an izango da lehen ibilbidea, eta abenduaren 8an Sukarrietatik Bermeorako trenbidea inauguratu zenean erabili zen lokomotorraren modelo berdina egongo da zirkulazioan.