GAUR8

Oinez zein txirrindulaz egiteko egokituta, zabalik dago berriz Vasco-Navarro trenbide zaharraren Urbinako zatia

Vasco-Navarro trenbidearen antzinako trazaduraren Urbinako zatian jatorrizko ibilbidea berreskuratu eta egokitzeko lanak amaituta, azaroaren bukaeratik erabilgarri dago berriz bidearen zati hori.

Vasco-Navarro antzinako bidearen Urbinako bidea egokitu dute.
Vasco-Navarro antzinako bidearen Urbinako bidea egokitu dute. (Arabako Foru Aldundia)

Vasco-Navarro trenbidearen antzinako trazadurak Urbina herri arabarretik duen zatia eta bide berdea egokitzeko lanak amaitu dituzte, eta zabalik dago berriz azaroaren bukaeratik.

Guztira 440 metroko luzera daukan bide zatia da egokitu dutena, oinez eta bizikletaz egiteko, zehaztu dutenez. Proiektuak, gainera, trenbidearen jatorrizko trazadura berreskuratu du, aurrekoak aldapa handi bat baitzeukan herrigunera sartu aurretik.

Josean Galera Ingurumen Saileko diputatuaren esanetan, seguruagoa da orain ibilbidea, egoera eta ibilgarritasuna hobeak dira, eta ingurunearekiko interferentziak saihestu dira. Proiektuan 169.000 euroko inbertsioa egin du Arabako Foru Aldundiak.

Ohar batean, gogoratu dute trenbide zaharraren bide berdeak 61 kilometro dituela Gipuzkoa eta Nafarroaren artean, eta Arabako bederatzi udalerri eta 21 herrigune zeharkatzen dituela.

Ia 249.000 erabiltzaile, aurten

Gero eta erabiltzaile gehiago daukan bidea da, gainera. Gehienak txirrindulariak dira (%60) eta gaineakoak (%40) oinezkoak. Aurten, ia 249.000 lagun erabili dute bidea, emandako datuen arabera.

Paisaia eder eta aldakorrez inguratuta, hainbat herriguneren arteko lotunea denez eta Gasteiztik oso hurbil dagoenez, erabilera intensitate handi bat du Arabako zati horrek, mugikortasun jasangarri bat ahalbidetuz, bertako foru ordezkariek nabarmendu dutenez.

Bideak, gainera, Arabako Natura 2000 Sareko naturgune babestuak zeharkatzen ditu.