GAUR8

Elikagaiak xahutzearen aurkako sentsibilizazio kanpaina abiatu du Lakuak

Elikagaiak xahutzearen aurkako sentsibilizazio kanpaina berri bat plazaratu dute «Janaria ez da botatzen» lelopean. Ekimenak Javier Rivero AMA jatetetxeko sukaldaria eta NAIZ eta GARAko kolaboratzailearen gomendioak bilduko ditu.

Javi Rivero, AMA jatetetxeko sukaldaria eta NAIZ eta GARAko kolaboratzailea.
Javi Rivero, AMA jatetetxeko sukaldaria eta NAIZ eta GARAko kolaboratzailea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Abenduaren 22ra arte, “Janaria ez da botatzen” lelopean, elikagaiak xahutzearen aurkako kanpaina berri bat jarri du abian Lakuako Gobernuak.

Ekimenaren barruan, elikagaien aprobetxamenduaren aldeko mezuak eta gomendioak zabalduko dira irrati iragarkien bidez. Kanpainak presentzia izango du, halaber, Bilbo, Donostia eta Gasteizko markesinetan, eta sare sozialetan.

Datuak eta janaria aprobetxatzeko errezetak

Gainera, aurtengo edizioan, arazoa dimentsionatzeko, Elika Fundazioak uztailean aurkeztutako kuantifikazio azterlanean jasotako euskal elikadura katean sortzen den hondakinari buruzko datuak erabiliko dira.

Bestalde, Javier Rivero Tolosako AMA jatetxeko sukaldaria eta GARA eta NAIZeko kolaboratzailearekin lankidetzan –'50 Next' zerrendan munduko gastronomiaren promesarik garrantzitsuenetakoa da–, etxean elikagaiak alferrik galtzea prebenitzeko aholkuak proposatu eta soberakinak berrerabiltzeko aprobetxamendu errezeta batzuk gomendatuko dira.

Kanpaina ‘Elikagaien Xahuketaren aurkako Euskal Estrategia’-ren barruan sartzen da. Estrategia hori Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzak bultzatzen du 2018tik, Elika Fundazioak koordinatuta, eta Lakuako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak abian jarritako ‘Basque Green Deal-Euskadiko Itun Berdea’ ekimenaren barruan dago.