GAUR8

Lehen ideazio suiziden aurrean hezkuntza psikologoen esku hartzeak duen garrantzia, hizpide Bilbon

Hezkuntza psikologoek ikasleen ideazio suiziden tratamenduan duten garrantzia aztertuko du hitzaldi batek Bilbon, hainbat datu eta egoerei erreparatuz. Hilaren 15ean izango da, Deustuko Unibertsitateko Auditorioan, 11.30ean.

Eskola garaian ager daitezkeen ideazio suiziden aurreko lanketan hezkuntza psikologoen esku hartzeak duen garrantzia jorratuko dute aditu ezberdinek Bilbon. Irudian, bi herritar ikastetxe baten ondotik paseatzen.
Eskola garaian ager daitezkeen ideazio suiziden aurreko lanketan hezkuntza psikologoen esku hartzeak duen garrantzia jorratuko dute aditu ezberdinek Bilbon. Irudian, bi herritar ikastetxe baten ondotik paseatzen. (Raul BOGAJO | FOKU)

Hezkuntza eremuan suizidioaren inguruko beharrezko lanketan hezkuntza psikologoek jokatzen duten papera aztertuko dute adituek aste honetan Bilbon.

Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialak antolatu du jardunaldia, Deustuko Unibertsitateko Auditorioan ospatuko da, eta hainbat adituren parte hartzea izango duela aurreratu dute, gaiari heltzeko plano ezberdinak landuz.

Hitzorduak “Prebentzioa, detekzioa eta esku-hartzea, hezkuntza eremuko ideazio suizida kasuetan. Lanketa Hezkuntza Psikologiatik” du izenburu, eta gaiak dituen ertz ezberdinak aztertzearekin batera, hainbat datu eskainiko direla azpimarratu dute.

Ikastetxean egotearen «premia»

«Jardunaldiaren bidez, Bizkaiko Psikologia Elkargo Ofizialak (PEO) ikastetxeetan hezkuntza psikologoak egotearen premiazko beharraz ohartarazi gura du», adierazi dute antolatzaileek ohar batean.

Hitzorduak jorratuko dituen edukiak azpimarratu dituzte, bereziki. Izan ere, suizidioak haurtzaroan eta gaztaroan duen eraginean sakonduko dute adituek, «datuak, beharrak eta errealitate paraleoak» azalduz.

Solasaldiak ikastetxeetan aplikatzen den suizidioaren aurkako protokoloa aztertuko du, baita esku hartzen duten eragileen rolei erreparatu ere, psikologoak, irakasleek eta familiek (guraso elkarteek) jokatzen duten papera kontuan hartuta.

Era berean, gaiarekin lotuta, osasun mentala, eskolak eta gizartea eta partekatutako erronkaren inguruko hausnarketak mahai gainean jarriko dituzte aditu ezberdinek.

Zehaztu dutenez, Maria Cristina Blanco Fernandez de Valderramak, Aitor Albizuk, Jose Antonio De La Rica Jimenezek, Naiara Alvarez Garciak, Ernesto Gutierrez Crespok eta Jose Antonio Luengo Latorrek hartuko dute hitza ekitaldian.