GAUR8

Hitzak ikasteko hobe da entzutea segituan errepikatzea baino, BCBL-ren ikerketa baten arabera

Hitz berria entzun eta berehala errepikatzea da ikasteko erabiltzen den formula zabalduena, baina ez egokiena BCBL zentroaren ikerketa batek ondorioztatu duenez. Ekoiztera baino prozesua entzutera bideratu beharko litzateke, adituen arabera.

Hitzen errepikapenean oinarritzen den ikasteko formula ikertu dute BCBL zentroko ikertzaileek.
Hitzen errepikapenean oinarritzen den ikasteko formula ikertu dute BCBL zentroko ikertzaileek. (BCBL)

Hitz berriak ozenki errepikatzea ez da beti ikasteko teknikarik onena, Basque Center On Cognition Brain And Lenguage (BCBL) zentroak egindako ikerketa batek ondorioztatu duenez.

Ikerbasquek, Innobasquek, UPV/EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako ikerketa zentroak kognizioaren, burmuinaren eta hizkuntzaren ikerketa sustatzen du, diziplina arteko jardueraren bidez.

Bere azken ikerketetako batean, ikasteko formula zabalduena den hitza ozenki errepikatzearen metodoa aztertu dute zentroko ikertzaileek, eta ondorioztatu dute «hiztegi berria eskuratzeko hitza errepikatzean datzan metodo horrek eragin kaltegarria izan dezakeela ikaskuntzan, batez ere segituan egiten bada».

Ikusi dutenez, hitza aditu eta ahozkatzearen artean etenaldi bat egitea lagungarriagoa izan daiteke.

Hirurehun boluntario baino gehagori edindako esperimentuan oinarritzen dira ikerlanaren emaitzak. Hizkuntzaren prozesamenduan parte hartzen duten mekanismo kognitiboak aztertu dituzte, «gure lexiko mentalean finkatu berri den hitz bat antzemateko gaitasunean arreta berezia jarriz».

Efthymia Kapnoula ikertzaileak argitu duenez, hitz bat berehala eta ozenki errepikatu edo ez errepikatzeak ikaskuntzan duen eragina da neurtu dutena, «hau da, zein den ikasketa-teknika horren efektua entzun berri dugun kontzeptu bat gure lexiko-sisteman finkatzeko, eta ondoren, hitz hori ezagutzeko gaitasunean».

Hainbat proba eta entrenamendu saio izan du ikerlanak. Kapnoularen arabera, lehen esperimentuan jakin zuten «errepikapenak ondorio positibo arina zuela haiseran, baina inpaktu negatiboa azkenean».

Ekoizpena segundo batzuk atzeratzea

«Pertsona batek hitz bat entzun eta berehala errepikatzen duenean, baliabide kognitiboak erabiltzen ditu ekoizpena prestatzeko, hitz hori sakonki kodetzeko erabili ezin dituenak. Aitzitik, ekoizpena segundo batzuk atzeratzen bada, gainjartze hori saihesten da, eta ikaskuntza eta kodetze sakonagoa lortzen laguntzen du horrek», zehaztu du adituak.

BCBLren proiektuak ikerketa ildo berriak ireki litzakeela nabarmendu dute. Adibide modura, hitzen entzute eta ekoizpenaren arteko etenaldia luzatzeak –adibidez, egun baterainokoa– ikasketan izan lezakeen eragina frogatzeko bidea zabaltzen du.

Kapnoulak azpimarratu duenez, azterlanaren emaitzek erakutsi dute ikaskuntza prozesuak gehiago bideratu beharko liratekeela «entzutera eta ez ekoizpen fisikora».