GAUR8

Basa-flora espezie babestuen katalogo berria plazaratu du Nafarroak

Babes Bereziko Erregimenean dauden Basa-Flora Espezieen Nafarroako zerrenda osatu du Gobernuak, baita arriskuan dauden espezieen katalogo berria ere.

Zerrenda berrian jasotako espezieetako bat, irudian.
Zerrenda berrian jasotako espezieetako bat, irudian. (Nafarroako Gobernua)

Iruñeko Gobernuak Babes Bereziko Erregimenean dauden Basa-flora Espezieen Nafarroako Zerrenda sortu du, eta, horren barruan, arriskuan dauden Flora Espezieen Katalogo berria osatu du.

Exekutiboak joan den astean izandako bilkuran hartutako erabaki batean jasotzen da neurria. Orain Nafarroako Kontseilura bidaliko dute, bidea egin dezan. Zerrendan edo katalogoan agertzen diren espezie gehienak oso espezie arraroak dira Nafarroako lurraldean edo eremu orokorrean, eta, askotan, populazio oso txikiak izaten dituzte (presentzia txikiko eremua, banako gutxi), eta, gainera, populazioak isolatuta daude, eta horrek zaildu egiten du truke genetikoa egotea.

Ezaugarri horiek direla eta, bereziki sentikorrak dira dauden eremuetako baldintza ekologikoetan gertatzen diren aldaketekiko, eta, ondorioz, bereziki kalteberak dira klima-aldaketaren ondorioekiko. Gainera, sartutako espezie asko klima-aldaketaren aurrean bereziki kalteberak diren habitatetan garatzen dira; besteak beste, hezeguneetan eta zohikaztegietan.

Balio zientifikoaren, ekologikoaren eta kulturaren arabera arreta eta babes berezia merezi duten espezieak, azpiespezieak eta basa-populazioak sartu dira zerrendan. Berezitasuna, bitxitasuna edo mehatxu-maila, bai eta Estatu espainolak berretsitako nazioarteko zuzentarau eta hitzarmenen eranskinetan babestutzat jotzen direnak ere hartu dira kontuan.

Katalogoan bi kategoria bereizten dira: galtzeko arriskuan dauden espezieak eta espezie kalteberak. Lehenengoan, egungo egoera eragiten duten faktoreek eragiten jarraitzen badute bizirautea zaila duten taxonak edo populazioak sartzen dira.

Bigarren kategorian, haiengan eragiten duten faktoreak zuzentzen ez badira etorkizun hurbilean aurreko kategoriara igarotzeko arriskua duten taxonak edo populazioak jasotzen dira.