GAUR8

’Urratuen arrastoa’, UEUk hauspotu duen mundu literarioaren legatua

‘Urratuen arrastoa’ UEUk bere 50. urteurrenean argitararatutako lanak hainbat euskal idazleren begiradak bildu ditu, «orainari zein etorkizunari begirada literarioz eta irudimentsuz hurbiltzera» gonbidatuz.

Iratxe Retolazak gidatu du lana.
Iratxe Retolazak gidatu du lana. (UEU)

Mende erdiaren ospakizunen barruan, ‘Urratuen arrastoa’ bilduma literarioa argitaratu du Udako Euskal Unibertsitateak (UEU), ibilbide horren ekimen ezberdinetan parte hartu duten idazleen hainbat begirada bilduta.

«Bost hamarkada hauetan zehar UEUko ikastaroetan, ekimenetan edo jardunaldietan gorpuzturiko bizipenen arrastoan askotariko testu literarioak sortu dituzte, eta urraturiko bideen oihartzun zenbait ahots literario bihurtu dituzte. Baita hizpidera ekarri UEUren jardunak sorturiko urratu askotarikoak ere», azaldu dute Iratxe Retolazak gidatu duen lan honen atzean dagoen bultzadaz.

Zehaztu dutenez, «askotarikoak» izan dira azken hamarkadetan sorturiko «urratu» horiek: saiakera literarioen oihartzunak, memoria ariketei lotutako gogoeta literarioak, «hitz poetiko jostariak edota urratzaileak», fikzioaren mugekin zein kutsu errealistadun narrazioak».

«UEUren iragan, oraina zein etorkizunari begirada literarioz eta irudimentsuz hurbiltzera gonbidatzen gaitu, iraganeko arrastoak zein etorkizuneko balizkoak begirada sortzailez janzteko», nabarmendu dute lanaren inguruan.

Maialen Akizuk, Aurelia Arkotxak, Itxaro Bordak, Katixa Dolharek, Aingeru Epaltzak, Angel Errok, Idurre Eskisabelek, Mari Luz Estebanek, Jule Goikoetxeak, Aritz Gorrotxategik, Felipe Juaristik, Gerardo Markuletak, Eider Adeletxek, Yurre Ugartek, Aintzane Usandizagak, Iban Zalduak, Edu Zelaietak eta Retolazak berak hartu dute parte proiektuan.

Askotariko ahotsak

Izan ere, sortzaile horien parte hartzea jarri du balioan Retolazak, lepo ibili ohi diren egileentzat enkarguzko lanak erakargarrienak izaten ez direla onartuz, eta epeen eta testuinguruaren mugen barruan kokatzeko egin duten ahalegina azpimarratuz.

Nabarmendu duenez, askotariko ahotsak bildu nahi izan dira eta baita idazle posizio ugari ere, adina, generoa edo ikuspuntu literarioa kontuan hartuta. «Oso harrera ona izan du, egileek oso eskuzabal jokatu dute», adierazi du Retolazak.

UEUko Literatura Sailaren lana gogora ekarrita, irakurketa, sorkuntza edo kritika literarioek zein literatur teoriaren inguruko ikastaroek eta formazioek duten garrantzia ere goraipatu du, orain oso ohikoak badira ere garai batean oso urriak izaten zirela oroituz, eta arlo horretan UEUko Literatura mintegiek eta Literatura sailak eginiko ekarpena nabarmenduz.