Arraunlarien neguko lana ezinbestekoa da udan luzitu ahal izateko
Arraunari buruz oroitzapenen bat gogora ekartzeko eskatuz gero, ia denok udako pasarteren bat aipatuko genuke: traineru estropadaren bat, Kontxa, irabazleei egindako harrerak... Baina horra heltzeko ezinbestekoa da klubek eta arraunlariek neguan egiten duten isileko lana. Larunbatean alde ezezagun horretara hurbilduko da GAUR8, hauxe duzu aurrerapen txiki bat.
Arrauna udako kirola da. Esaldia borobila da eta egia da eguraldi onak asko janzten dituela arraun estropadak. Baina uda partean arraun ikuskizkun eder horietaz gozatzeko behar-beharrezkoa da neguan egiten den prestaketa lan askotan ezezaguna.
Neguko lan ezkutu horri erreparatuko diogu larunbatean argitaratuko dugun erreportajean. Kirol honek dituen adar desberdin ugarietatik zenbatzuri erreparatuz. Hiru ahots bilduko ditugu: gizonezkoen senior mailan ia erabat traineruko lanari begira diharduen Iñaki Errasti Ondarroako entrenatzailea; emakumezkoen arraunaren eraldaketa barru-barrutik bizi izan duen Eli Pescador Donostia Arraun Lagunak taldeko arraunlaria; eta beheko mailetan egiten den lana bikain ezagutzen duen Iñigo Tapia Orioko kadeteen entrenatzailea.
«Guk ohitura daukagu lehen aste horietan, Gabonak pasa arte, uretako entrenamendua larunbatetan egitekoa. Eta igandetan oraindik jai hartzen dugu. Aste tartean lau egunetan lehorreko lana eta egun bat atseden. Behin Gabonak pasata, urtarriletik aurrera larunbat eta igandetan uretako entrenamendua eta aste tartean berdin: lau egunetan lehorreko lana eta egun bat atseden», azaldu digu adibidez Iñaki Errastik Ondarroako entrenamendu errutinaz.
Beheko mailetan are garrantzitsuagoa da neguko denboraldia, uda amaitu bezain pronto hasten direlako entrenatzen eta klub askorentzat lehiaketa nagusiak, batelak eta trainerilak, neguan edo udaberrian izaten direlako. «Neguan entrenamenduak uraren egoeraren arabera planifikatzen dira. Haize handirik ez badago eta aulki mugikorrean ibiltzeko moduko giroa badago uretara irtetzen gara; bestela gimnasiora igotzen gara. Ergometroa egin daiteke, fosoa ere badaukagu... horrelako gauzak», dio Iñigo Tapia oriotarrak, aulki mugikorrari garrantzia berezia eman nahi diotela aipatuz.
Izan ere, Eli Pescadorrek aipatzen duen moduan, eguraldia izaten da neguko entrenamendu hauen etsai nagusia askotan. «Gure kasuan normalean Pasaiako badian entrenatzen dugu, eta horrek aukera ematen digu itsaso zakarra baldin badago badia barruan entrenatzeko. Baina kanpora irten edo ez itsasoaren egoerak baldintzatzen du, bai. Aurten egia da, oraingoz, nahiko eguraldi konplikatua tokatzen ari zaigula. Haize egun asko izan ditugu, haize indartsukoak gainera, egun oso oso hotzak ere bai, euri askoko batzuk... Alde horretatik uretako egunak nahiko gogorrak suertatzen ari dira», aipatu du errenteriarrak.