NAIZ
Gaur X urte

Berotegi-efektuko gasen aurkako guda hasi zen Kioton

Errusiaren berrespenarekin batera jarri zen martxan Kiotoko Protokoloa, 2005ean. Orduztik, herrialde sinatzaileetan klimaren aldeko pausoak eman badira ere, ez dira nahikoak izan mundu mailako isurketak murrizteko.

Berotegi-efektuko gasen isurketaren murrizketa da Kiotoko Protokoloaren xedea.
Berotegi-efektuko gasen isurketaren murrizketa da Kiotoko Protokoloaren xedea. (GETTY IMAGES)

Aldaketa klimatikoa eteteko akordio handia izan zen Kiotoko Protokoloa, 1997ko abenduan sinatua, baina 2005ko otsailaren 16ra arte indarrean sartu ez zena. Hasieran herrialde ugarik sinatu zuten akordioa, euren intentzio onak erakusteko, baina berrestea ezinbestekoa izan zen martxan jartzeko, eta horregatik igaro zen hainbeste denbora.

Akordioaren arabera, berretsi zuten herrialdeek berotegi-efektuko gasak %5ean murrizteko konpromisoa hartzen zuten lehen etapan (2008-2012 bitartean, 1990ko urtearekin alderatuz). Bigarren etapan (2013-2020) protokoloari zuzenketa bat egin zioten, eta horren arabera, berotegi-efektuko gasak %18an murriztu behar zituzten.

Kiotoko Protokoloa 84 herrialdek sinatu zuten hasieran, eta 46ek berretsi, Europar Batasuna eta Japonia barne. Txina, Australia eta Estatu Batuek kanpoan gelditzea erabaki zuten. 2001erako 180 ziren sinatzaileak, eta Errusiaren atxikitzearekin batera jarri zen martxan makinaria –protokoloak 55 herrialderen berrespena behar zuen, eta horien artean karbonoaren isurketaren %55a batzea kliman eragina izateko–.

Akordioak bere fruituak eman ditu; 2018rako hitzarmena sinatutako herrialdeek gasen isurketak %25ean murriztu zituzten, adostutako zifrak gailenduz (batez ere Sobietar Batasuna osatzen zuten herrialdetan). Datu globalak aztertuz gero, albisteak ez dira onak. Ameriketako Estatu Batuak edo Kanada bezalako herrialdeak protokolotik kanpo daude, eta haien isurketak izugarri handitu dira, herrialde txiroetakoak bezalaxe.

Munduko herrialde guztien inplikazioa beharrezkoa dela ikusirik, 2015ean Parisen egin zen klimaren gailurrean Parisko Akordioa sinatu zen, Kiotoko Protokoloaren ordezkoa izan zedin. Berotegi-efektuko gasen isurketak murrizteko konpromisoari jarraipena ematen dio honek, baina gainera planetaren tenperatura orokorra bi gradutan jaisteko nahia du.